Bilbo - Durangoko Azokaren inguruan ikerketa egin du Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak, Siadeco ikerketa etxearekin eta Gerediaga Ekartearekin batera. Antolatzaileek aurkezpenean azaldu duten moduan, iazko Azokan burutu zuten inkesta multzoa eta ondorioak ikusteko garaia iritsi da. Nagusiki, emakumezkoek, gazteek eta euskaldunek osatzen dute bisitariaren profila. Horretaz gain, %70-ak iritzi dio urtetik urtera Azoka hobe-tzen doala.

Erabilitako laginketa-sistemak hiru irizpide izan ditu oinarrian: espazioa, denbora eta bisitarien fluxu edo joan-etorria. Orobat, 915 pertsona elkarrizketatu zituzten iaz eta horiek aztertzeko, hiru multzotan banatu dituzte datuak, adinaren arabera: lehenengo taldea, gazteak (16-29 urte), bigarrena, gazte-helduak (30-45) eta hirugarrenik, helduak deri-tzon multzoa (45urtetik gorakoak).

Aurretik aipatu moduan, Durangoko Azoka bisitatzen duen jendearen erretratua zehaztu nahi izan dute ikerketa honen bitartez. Juanjo Allur, Siadeco enpresako kideak eman ditu ondorioen zertzelada batzuk, profila eraikitzeko baliagarriak diren datuak eskainiz. Azokaren unibertso honetan, emakumezkoak gehiago dira (%57) gizonezkoak baino. Adinari dagokionez, gazte asko erakar-tzen ditu Azokak, 16-29 urte arteko bisitariak %34,2 dira. Datu hau interesgarria da, 16 urtetik beherako bisitariak ez direlako kontuan hartu ikerketa honetan. Halaber, ikusi dute ikasketa-maila altuko jendea doala batez ere Azokara, zehazki, bisitarien %56, 30-45 adin tartean.

Euskal Herriko biztanleria gehien bereizten duen aldagaia hizkuntzarena izan da. Azokara datozen 10 bisitaritik 9 elebidunak dira (%92). Euskaldunen artean, %55 euskaldun zaharrak dira eta jatorrizko elebidunak, hau da, gaztelania eta euskara etxean jaso dutenak, %12. Euskaldun berriak, aldiz, %25. Azken datu hori, etorkizunari begira, esanguratsua da Allurren ustetan, “Euskal Herriko belaunaldi gaztetan, euskaldun berrien pisua gero eta handiagoa delako”. Hizkuntza-erabilerari dagokionez, %53ak erantzun du etxean darabilen hizkuntza euskara dela. Alarma pizten du, ordea, euskal hiztun aktibo direnen ehunekoak behera egiten duelako bisitari gazteetan. “Helburuetako bat baldin bada erdaldun mundua ere erakartzea, erronka handia du aurretik”, adierazi du Allurrek.

Fidelizazio mailari dagokionez, hamar bisitaritik zazpi ohiko bisitariak dira eta bataz beste, hamairu ediziotara joan direla erantzun dute. Hortaz, bisitariak errepikatu egiten du urtetik urtera. Ildo horri jarraiki, fidelizazio mailaren adierazleak aldekoagoak dira 45 urtetik gorako bisitarien artean eta euskaldun zaharren artean. Baina, orokorrean, adin multzo guztietan ikusten daezaugarri hori.

Kultur kontsumoa Arlo honetan ere emaitza interesgarriak erdietsi dituzte. %30ak aitortu du azken urtean ez duela euskaraz liburu bakar bat ere irakurri. Aldiz, hamar bisitaritik bik aitortu dute ez dutela gaztelaniazkoak irakurri urte betean. “Irakurle direnen artean, gaztelaniaz irakurtzen dutenak gehiago dira eta gainera, irakurleagoak”, adierazi du Allurrek. Adibide argigarri bat jarri du hori azaltzeko. Alegia, azken urtean euskarazko bost liburu irakurri dituztenak %12 dira. Eta gaztelaniazkoen kasuan, bost liburu edo gehiago irakurri dituztenen artean, %25.

Irakurzaletasunari dagokionez, bisitariak adinez zenbat eta gazteagoak izan, orduan eta irakurzaletasun maila baxuagoa da. Euskaldun zaharrek euskaraz liburu gehiago irakurtzen dituzte eta euskaldun berriek, gaztelaniazko liburuak hautatzen dituzte.

Horretaz gain, bataz beste 65 euroko gastua egiten du bisitari bakoi-tzak Azokan; horietatik 35 euro inguru liburutan xahutzen du, 19 euro diskotan eta 11 gainontzeko produktuetan. Generoaren arabera, emakumezkoek erosketa gehiago egiten dituzte baina prezio baxuagokoan. Ezer erosten ez duten gizonezkoak ere badaude eta erosten dutenen kasuan, emakumezkoak baino gehiago gastatzen dutela agerian geratu da. Honi buruz hausnartu du Allurrek: “Jendea Azokara gastatzera dator, inbertitzera. Gastu hori planifikatua da baina neurri handi batean, inprobisatua ere bai”.

Euskararen presentziari buruz ere galdetu diete bisitariei eta horren aurrean, euskararen protagonismo handiagoa nahi duela dio erdiak baino gehiagok; aldagai hori gazteengan eta euskaldun zaharrengan dauka pisurik handiena. Azkenik, Azokaren bilakaeraz galdetuta, hauexek izan dira inkestan jaso dituzten emaitzak: hamarretik zazpik eran-tzun dute azken bost urteetan Azokak hobera egin duela. %18-arentzat, berriz, bere horretan mantendu da eta soilik %3ak erantzun du bilakaera hori negatiboa izan dela.

Azokak izan duen bidearen balorazioa egiteaz gain, etorkizunari begira, erronka berriak proposa-tzeko balio izan du ikerketa-lanak. Aitziber Atorrasagasti, Gerediaga Elkarteko kideak dio: “Gure helburua urtero Azoka on bat egitea da, erakargarria, mamitsua, eta belaunaldi gazteen interesak pizteko modukoa”. Galderak daude oraindik erantzuteko, baina: “Inoiz etorri ez den horrengana iritsi nahiko genuke eta erdaldun mundua erakarri”.