BILBO - Bilboko Azkuna Zentroak Why not Judy Chicago? izeneko erakusketa izango du ikusgai urriaren 8tik urtarrilaren 10era bitartean, eta Judy Chicago artista estatubatuarraren lana jasotzen du, “arte feministaren aitzindarietako baten lanari buruz Europan egin den bilketarik osoena” izanik, zentroko arduradunek nabarmendu dutenez. Judy Chicagok, 50 urte luzez, artearen instituzioaren eta egungo gizarte patriarkalaren inguruko arazo kontzeptualak, bisualak eta politikoak planteatu ditu, eta, hain zuzen, alderdi horien inguruan antolatutako lana jaso-tzen du erakusketak.
Why not Judy Chicago? Azkuna Zentroaren eta Bordeleko Arte Garaikideko Museoaren arteko produkzioa da eta Xabier Arakistainek egin du komisario lana.
Judy Chicago (1939, Chicago, AEB) artista, egilea, irakaslea eta humanista da. Artearen definizio zabalagorako, artistarentzako eginkizun handiagorako eta emakumeentzako adierazpen askatasunerako eskubideen defentsarako ereduak dira bere lana eta bizitza. AEBetan, Kanadan, Erresuma Batuan, Europan, Asian, Australian eta Zeelanda Berrian jarri dute erakusgai bere lana. Hamalau liburu idatzi ditu.
Arte jarduera profesionalean hamar urtez aritu ondoren, 1970eko hamarkadaren hasieran, Chicago arte feministaren eta arte hezkuntzaren aitzindari bihurtu zen Kaliforniako Estatu Unibertsitatean, Fresnon, emandako emakumeentzako programa paregabe baten bidez.
Emakumeen historiaren gaian jarri zuen arreta 1974an, eta lanik ezagunena orduantxe sortu zuen: The Dinner Party, 1974 eta 1979 artean 400 boluntarioren bitartez gauzatua. Multimediako proiektu erraldoi hori “mendebaldeko zibilizazioko emakumeen historia sinbolikoa da”. The Dinner Party lanak egoitza iraunkorra aurkitu zuen 2007an Brooklyn Museumeko Elizabeth A. Sacker arte feministaren zentroan. 1980tik 1985era bitartean Chicagok Birth Project izeneko proiektua landu zuen. Mendebaldeko artean jaiotzaren gaiaren inguruko ikonografiarik ez zegoela ikusita, Chicagok brodaturako hainbat irudi diseinatu zituen jaio-tza ardatz hartuta; irudi horiek 150 brodatzaile talentudunek egin zituzten herrialdeko toki ezberdinetan, artistak gainbegiratuta.
Birth Project proiektua osatu bitartean, Chicagok banako estudio lanari ere heldu zion PowerPlay sortzeko. “Maskulinotasunaren generoaren konstruktoari begirada kritiko feminista”, hain zuzen.
‘holocaust project’ Boterearen gaiekiko artistaren kezka handiak zein bere herentzia juduarekiko gero eta interes handiagoak bultzatuta, Holocaust Project: From Darkness into Light lan multzoa sortu zuen, zortzi urtez ikertzen, bidaiatzen, ikasten eta arte sorkun-tzan aritu ondoren.
Resolutions: A Stitch in Time izan zen Judy Chicagok elkarlanean sortutako azken proiektua. 2014an, bere 75 urteak ospatzeko, erakusketak eta ekitaldiak egin zituzten AEBetako kostaldetik kostaldera.
Bost hamarkadaz baino gehiagoz, Judy Chicagok “irmo” eutsi dio arteak eraldaketa intelektualerako eta gizartea aldatzeko tresna modura duen boterearekiko konpromisoari, bai eta emakumeek arte ekoizpenaren maila gorenetan parte hartzeko eskubidearekiko kon-promisoari ere. - Europa Press