Bereziak zikloak Bilbo hartuko du, beste behin
BILBO - Datorren astean, The London Souls, Guadalupe Plata, Capsula, Los Punsetes eta Nudozurdo taldeek doako emanaldiak eskainiko dituzte hiriko hainbat txokotan, Bilbao BBK Live jaialdiaren X. urteurrena ospatzeko. Kobetamendin uztailaren 9an hasiko den jaialdiaren aurrekari gisa planteatuta daude kontzertuok. Horrela, Bereziak zikloari esker, jaialdiaren giro ona Bilboren bihotzera iritsiko da. Zenbait kontzertu iragarrita zeuden jada, tartean Bilboko Koral Elkarteak Meets Bilbao BBK Live A2 (uztailaren 7an, Campos Antzokian) eta Laura Cantrellek emango dituztenak (8an, BBK Aretoan), baina hauek berriak dira.
Honela, iaz Gazteako maketa lehiaketa irabazi zuen Smoke Idols banda uztailaren 8an arituko da Kale Nagusian aparkatuko duen Red Bull Tour Bus-ean; iaz, Bilbao BBK Live jaialdian jo zuten. Horrezaz gain, hilaren 9an eta ohikoa denez, kon-tzertu sorpresa bat izango da Kale Nagusian, 13:00etan.
New Yorketik iritsitako The London Souls taldeak uztailaren 10ean joko du, 12:00etan eta Erriberan. Gainera, 13:00etan, Granadako Guadalupe Plata bandaren txanda izango da, Arriaga plazan. Ordubete geroago, 14:00etan, ikusleek Capsularen zuzeneko emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute, Albia lorategian. Uztailaren 11n, Los Punsetes bandaren kontzertua izango da, 13:00etan eta Albian, eta Nudozurdo 14:00etatik aurrera arituko da Arriaga plazan. - E. P.