Olentzero eta Mari Anbotokoa
Euskal Herrian negua sartu zen batean, urtero bezala, Mari Anbotokoa, garretan joan zen gauiluntzez Anbotoko egoitzatik Gorbeialdeko Itzinako Supelegor kobazulora. Supelegor kobazuloak ametsetakoa dirudi baina bene benetakoa da Itzinako hazdui ikaragarriaren barruan, Atxuloko begiaren adikunapean.
Atakatik barrurantz bagoaz, kobazulo luze besteko zabala dela ikus dezakegu. Barrurantz joan ahala, goiko aldetik berezko haitz bitarte alosoko bi ikus ditzakegu, argia dariola, goirik harako begi bi balira bezala.
Barrurago, dena da iluntasuna eta misterioa. Lehenagokoak argizaiola-argiaz baliatzen zitzaizkigun barruko iluntasunean ibiltzeko baina kandela-argia amatatzen zenean ez omen zuten aurrerago egiten badaezpada, zein bizia arriskuan ipini. Gaurko argi modernoekin joanez gero, iluntasun misteriotsu horretan haitzarte estuak eta sakonak daudela jakin daiteke. Sakonean, lurpeko erreka batetik sor-tzen den laku bat ere badago, ez ur handikoa baina alosokoa. Benetan ere, egoitza itzelezkoa daukagu Itzinako hazduiaren bihotz bihotzean.
Hantxe, Supelegorreko kobazulo mitiko horretan ematen omen zuen negu luze eta goibela Mari Anbotokoak.
Negua, beti ere, hotza eta iluna izaten da eta ohituta egon arren, urte horretako negua berezia izan omen zen Mari Anbotokoarentzat.
Triste zegoen, bihozbera, pentsakor, isilik, jakatsu eta bihotzerik harako dardarotsean.
Zeozer barruntatzen zuen zeru-lurretan eta, jainkosa izan arren, ez zekien argi zer izan zitekeen. Pentsatuago eta urduriago jartzen zela ikustean, badiotso bere buruari: "Aurtengo neguaren hasierako egunean Aralarren jentilei ekialdeko argi bereziarekin gertatutakoa egia ez ote da gero? Hala dirudi, ai ene! Zerk izan behar ote du aurrerantzean herria eta gure artean? Norengana joko du herriak zelako halako kontsultak egiteko? Nork berbiztuko ote du natura udaberria heltzen denean? Ai enetxoa, hau bai dela egon ezina eta biho-tzeko mina!".
Inoiz baino artegago zegoen Mari Anbotokoa Supelegorreko kobazulo hotz eta hutsean. Gorbeiaren magaleko oihartzunean zantzo, eupada, irrintzi eta jai giroa susmatzen zuen eta beldur zen kobazulotik kanpora irtetzen.
Gauaroa luze ere luze egin zi-tzaion jainkosa zaharrari eta goizaldean eupadak entzun zituen Itzinako hazduietan zehar.
Zutundu egin zen Mari Anbotokoa, eta arin egin ere, ilargiaren argipean ikusteko eupadots horren atzera-aurrera. Nor ote zen, zer ote zen, hara han non ikusten duen Olentzero, sabelari eutsi ezinik, irribarreka, pipa hortzetan eta zakuto hutsa bizkarrean duela. Mari Anbotokoak, jakinguraren intziguaz, haserre egin beharrean, abegi onez hartu zuen Olantzero bere kobazuloan eta bere barruko mingostasuna disimulatuz honela egin zion berba Olentzero zoriontsuari:
-Zer dela eta zu hemendik? Zerk ekarri zaituen baino ez da Aralar meditik Gorbeiaraino? Zer gerta-tzen da ba negu berri honetan?
-Hara, Mari, gure jainkosa, sinestu ere ez duzu egingo atzo arrastian zer gertatu zitzaigun. Aralar mendian geunden, urtero bezala, neguko solstizioaren hasiera ospa-tzen eta ustekabean, argi berezi bat agertu zitzaigun ekialdetik. Ezin genuen ezer ulertu eta jentil zaharrak Kixmi jaio zela argitu zigunean, han gertatu zen gertatzekoa!
-Zer? Zer gertatu zitzaizuen? Kontaidazu atoan! -esan zion Mari Anbotokoak, dena jakiteko egarriaz.
-Ba, aditu Mari, gure jentil zaharrak ekialdeko ha argi berezia ikusi eta "Kixmi jaio da, gureak egin du, aro berria dator eta bota nazazue amildegira" esan zuenean, beste jentil guztien arte hartu eta bota egin zuten gure jentil zahar itsutua Aralarreko Argaintxabaleta bizkarretik behera. Eta ez hori bakarrik, beste jentil guztiak ere bota ez zuten egin ba euren burua Aralerretik behera eta Arrastaran haraneko Jentilarripean betiko estali!
-Ez da egia izango? -Harrituta, Mari Anbotokoak-. Eta zuk zer egin zenuen ba?
-Nik neuk? -erantzun zion Olen-tzerok iribarreari eutsita-. Ba, hara, Mari. Burua txapela eroateko bakarrik ez denez, pentsatu egin nuen, hausnartu hobeto esanda eta hauxe esan nuen nerekautan: "Aro berria datorrela? Datorrela. Norbaitek egin beharko du zubi-lana ezta? Ba, nik neuk, beste jentilok bezala neure burua amildegira bota beharrean, herrira joango naiz eta orain arte lagun izan ditudan herritarrei berri ona zabalduko diet poztu daitezen eta neu ere bai eu-rekin". Eta horixe egin nuen, baserri eta herrietara jaitsi.
-Jaitsi eta zer? Zer harrera edo abegi egin zizun herriko jendeak? Esaidazu egia gero e! -arduraz Mari Anbotokoak.
-Abegi hoberik sekula ere ez nuen ezagutu. Mendirik mendi, basoz baso, haranik haran, bidez bide, baserririk baserri eta herriz herri ibili nintzen "Kixmi jaio da", "Kixmi jaio da", "Kixmi jaio da" deiadarka eta mundu guztia atera zen kanpora eta sekula eta santa ezagutu ez dudan jai-giro eta bizipoza ikusi eta sentitu ahal izan nuen.
-Eta nitaz eta beste jentilei buruz ez zuten ezer esaten? -galdetu zion harriduraz Mari Anbotokoak.
-Ba, denak ere bai baina batez ere gazte eta umetxoak pozak hartu ezinik ikusten ziren. Olentzero izen berria ere eurek ezarri zidaten Oles aro haren ondorioz eta jai ospakizunaz gain jaten eta edaten eman zidaten. Ikusten duzunez hemen naukazu sabelari eutsi ezinda betekadaren betekadaz.
-Berri on hori eman eta gero zer egin zenuen jakin daiteke? -ziotson kezkaturik Mari jainkosa zaharrak.
-Hobe ez, Mari! Hara, hain ikusi nituen pozik, batez ere umetxoak, hauxe esan nien, ondo edo txarto, baina hauxe: "Aro berriaren berri ona ekarri dizuet eta orain banoa-tsue baina ez betiko, datorren urtean berrien berriz etorriko na-tzaizue berri on hori gogoratzen eta umetxoei eguberri-opariak ekarten. Agur t´erdi eta banoa dena kontatzen Mari Anbotokoari!".
-Ai Olentzero, oraintxe ulertu dut zure ustekabeko bisitaren nondik norakoa. Ai ene! Zuk behintzat argitu duzu zure etorkizuna urteroko bisita horrekin, baina nik zer? Zer egingo dut orain aro berriko Jainkoaren aurrean? Zer esango du herriak? Nork emango dio udaberriari hasiera ni ez banoa urtero Anbotoko kobazulora negua Supelegorren eman eta gero? Herriak nori egingo dizkio kontsultak, orain arte bezala? Berba baten esanda, nork zainduko du natura aurrerantzean?
-Aitu, Mari jainkosa, -erantzun zion Olentzerok onezean-. Gu aro zaharrekook, dena izan gara herritarrentzat. Orain aro berria etorri zaie eta, jakina, aro berriko ohiturak jarraituko dituzte gehienbat. Dena den, aro batetik bestera ez da kolpean pasatzen eta herriak aro zaharrekoengan ere sinisten jarraituko du eta gu, badaezpada, hemen egongo gara, ez hain agirian baina hemen, nahi duenaren zain. Zer deritzazu?
-Tira ba, -erantzun zion Marik apurtxo bat lasaigo-, belea beltzago ez da egingo eta zuk esan didazun bezala, herritarren lagun izaten jarraituko dugu, zuk zeure erara eta nik neuk neurera.
-Eta lamina eta abar guztiekin zer egingo dugu ba? -galdetu zion Olentzerok.
-Zer? Ba hauxe. Aro zaharreko guztiok, herriaren sinesmenean zelanbait bizirik jarraituko dugunok, noski, hementxe, Supelegorreko kobazulo mitiko honetan elkartuko gara eta hemendixik egingo dugu gure bizitza kristauaro berriarekin batera.
Eta halaxe egin omen zuten. Mari Anbotokoa, Olentzero jentila, Zizili lamina eta gainetiko guztiak elkar batu omen ziren Supelegorren eta euren erara antolatu mundu berriko bizitza, beti ere, nahi zuenari aholku onak emanez eta lagunduz betiko amalurtasunean.
Mari Anbotokoa udaberriz udaberri joaten zen garretan Gorbeialdeko Supelegorretik Anbotoko egoitzara eta han ematen zituen udaberri, uda eta udagoiena, gero neguan berriro itzultzeko Supelegorrera naturaren loaldia bizitzeko, harako grezian Demeter jainkosak bere alaba Persefone Hades-engandik atereaz egiten zuen antzera.
Olentzerok, urte luzean zehar, han hor hemengo hur, intxaur, gaztaina, jostailu eta abar guztiak ba-tzen ekiten zion gero hurrengo Eguberrietan herrira joan eta ume-txoei eskaintzeko alaitasun giro ederrean.
Urteak joan, urteak etorri, gaur egun ere horrela dabil gure Olen-tzero, Eguberriz Eguberri, garaian garaiko opari bila ume, gazte eta eurekin batera denon bizipozerako.
(*) Euskal Filologian doktorea da, katedratikoa eta Deustuko Unibertsitateko irakasle ohia.