Síguenos en redes sociales:

'Errimak oinetan' ikuskizun berriak dantzak eta bertsoak uztartzen ditu

Aiert Beobidek eta Unai Elizasuk sortu dute Haatik taldeko emanaldi hibridoa

'Errimak oinetan' ikuskizun berriak dantzak eta bertsoak uztartzen dituN.G.

Donostia. Bertsoa indartsu dabil aspaldian, inoiz baino polifazetikoago. Aurrekoetan, zenbait diziplinarekin nahastu da bertsogin-tza, jazz musika eta antzerkiarekin, besteak beste. Oraingoan, berriz, dantza sartuko da tartean estreinako aldiz. Errimak oinetan izeneko ikuskizuna sortu dute Unai Elizasuk eta Aiert Beobidek. Gainera, Haatik Dantza Konpainia berriaren aurkezpena izan da, eta beraien agerraldian iragarri zutenez, bertsoak sortzen dituen "sentipen eta emozioak" taularatzen saiatzen dira dantzariak.

Lehen saioa ekainaren 2an egin zuten, Leioako Kulturleioan, eta bigarrena igande honetan izango da (17an), Ondarroako Kafe Antzokian. Azkenik, uztailaren 1ean Azpeitiako San Agustin kultur gunean arituko dira.

Elizasuren ustez, "bertsoaren ikuspegi eta logikatik" sortutako ikuskizuna da. Izan ere, bost aulki agertzen dira oholtza gainean. Aurkezlearen offeko ahotsak gaiak jar-tzen ditu eta dantzariak altxatu eta eseri egiten dira, banaka edo binaka kantatzen dutela, puntuetan abestu... Mikel Urdangarin eta beste musikari ezagunen kantak erabiltzen dituzte eta Sustrai Colinak propio egindako bertsoak ere dan-tzatzen dituzte, Bixente Martinez, Hasier Oleaga eta Amaiur Cajaravilleren musikarekin. "Belarrietatik entzuten dena bertso saioa izango litzateke eta begietatik ikusten dena dantza emanaldia", aipatu du Elizasuk.

Aiert Beobide, Maitane Mujika, Onintza Odriozola, Garazi Lekuona, Gotzon Poza eta Iurre Aranburu dira Haatik taldeko dantzariak. Bebobidek onartu duenez, hasieran kosta egin zitzaien bertsoen mezuetara egokitzea, hitzetan gaurkotasunari buruzko gauza asko ager-tzen direlako (gizarteari kritika ere bai). Azkenean moldatu ziren eta ondo pasa zuten ikuskizunari forma ematen. "Bertsoen egitura, oinarria eta jokoak badaude, baina argi daukagu dantza emanaldia dela", zioen. Dantzari, gainera, ez diote mugarik jarri: beren sustraiak Euskal Herriko tradizioan dauden arren, gehienbat dantza garaikidea jorratzen dute.

Musika eta ahots guztiak grabatuta daudenez, dantza da zuzenean egiten den gauza bakarra eta dan-tza bera da inprobisazioari bidea ematen diona. "Gauza asko libreak dira, une jakin batean, dantzariek erabaki dezakete nora joan", esan zuen Beobidek aurkezpenean. Elizasuk erantsi zuen moduan, "emanaldia ez da itxia" eta etorkizunean zenbait bertso kendu eta beste berri batzuk sartzeko aukera egongo da: "Beti egongo da berritzeko aukera".