Telesforo Monzonen ohoretan
Bergarako politikari eta kultur gizonari eskaini pastorala bihar antzeztuko da, 15.30ean, Larrainen
Larraine
Zuberoako mendien artean, Orhiren magalean, Sakartea eta Bortxuren ingurumarian kokatzen da Larraineko herria. 217 bizizale ditu gaur egun, -XX. mende hasieran milatik gora zituenean-, baina nekazaritza eta oihangintzaren krisiak herria odolustera eraman du.
600 metrotik gora dagoen herri honek bere urteko ekitaldirik garrantzitsuena ospatuko du bihar: Telesforo Monzon pastorala. Bergaran 1904. urtean sortu zen euskal politikari eta kultur eragilearen bizitza eta borrokak erakutsiko dituzte larraindarrek pastoral edo trajeriaren bitartez. 3 ordu baino gehiago iraunen duen herri-an-tzerkiak 97 herriko aktore, 17 dan-tzari eta 14 musikari izango ditu taulagainean, eta zazpi hilabetez egin lana erakutsiko dute.
Larraineko herriak duela 20 urte montatu zuen azken pastorala. Ordungo hartan Fernando Aire Xalbador, Urepeleko artzain eta bertsolaria izan zen pastoralaren gaia eta Roger Idiart zenak idatzi zuen. Bihar emango duten pastorala Jean Bordaxar Arrokiagako idazle eta musikariak idatzi du Monzonen bizitza ardatz izanik. Bordaxarrek Monzonen papera antzeztu zuen 1995ean, Arrokiagan eskaini zuten Agirre Presidentea pastoralean, Jean Louis Davantek idatzia. Ordudanik beti izan du Monzonen pertsonaia barnean iltzatua, eta pastoral bat idaztea otu zitzaion Bergarako politikaria ohoratzeko xedez.
Larraineko herriak duela 20 urte prestatu pastoralararen aurretik beste hiru eman zituen XX.mendean: Hiru martirioak izenekoa 1901ean, Jeanne d'Arc 1922an eta Napoleon 1953ean. Pastoralen izenburuak irakurri besterik ez dago jakiteko zer nolako gaietaz atontzen ziren pastoralak joan den mende erditsura arte. Frantziako pertsonaia mitikoak edo eliza ingurukoak ziren pastoral egileen gaiak. Poliki-poliki tematika aldatuz joan da eta Euskal Herriko pertsonaia indartsuek hartu dute protagonismo nagusia: Etxahun koblakaria (1953), Matalaz (1955), Berreterretx (1958), Santxo Azkarra (1963), Ximena (1979), Iparragirre (1980), Agosti Xaho (1988), Harizpe (1991), Sabino Arana (1996), Etxahun Iruri (2001), edo Xahakoa (2010), besteak beste. Pastoral idazleen eragina nabarmena izan da aldaketa horretan eta azken hamarkadetako pastoral idazle nagusienak honakoak izan dira: Junes Casenave, hamar pastoral idatzirik; Jean Louis Davantek sei; Pierre Paul Berzaitzek bost, eta gainontzekoek bat edo bi idatzi dituzte: Allande Agergarai, Jean Mixel Bedaxagar, Roger Idiart, Patrick Keheille Kanpo, Niko Etxart edo Dominika Rekalt, besteak beste. Telesforo Monzon pastorala Jean Pierra Rekaltek oholtzaratu du eta sujet edo protagonista nagusia Dominique Urruty izanen da, Jean Louis Araburu aritu delarik kantariak trebatzen. Orotara 12 kanta entzungo dira pastoralean, gehienak Monzonek idatzi zituenak: Batasuna, Itziarren semea, edo pastorala irekiko duen Nik euskarari bai. Jean Bordaxar pastoralaren idazleak bost kanta ere moldatu ditu bereziki biharko, eta Jean-Do Iriart herritarrak pastorala bukatzeko kantatuko den abestia asmatu du.
Telesforo Monzon Ipar Euskal Herrian hil zen, Baionan, hain zuzen ere, 1981ean, duela 30 urte. Espainiako Gerla Zibila piztu ondoren, erbesteko euskal gobernuan izan zen Parisen. 1953. urtean Euzko Alderdi Jeltzaletik aldendu eta ezkerreko abertzaleengana hurbiltzen hasi zen, eta 1969. urtean euskal errefuxiatu politikoak sustengatzeko Anai Artea elkartea sortu zuen Donibane Lohizunen. Ipar Euskal Herria ederki ezagutzen zuen Monzonek, eta alde batetik bestera ibiltzen zen euskal kultur ekimenak akuilatzen: antzerkigintza eta kantagintza, batez ere. Berak zituen Pantxoa eta Peio kantuaren mundura erakarri eta bere kanten hitzak eskaini zizkien. Antzerki lanak ere idatzi zituen Iparraldeko taldeentzat, denak ere, mezu politiko azkarrarekin. Sebastian Ithurriague Larraineko alkatearen ustez Monzon pastoralari esker, larraindarrek duten identitate eta atxekimendu handia agerian geldituko da: "Ohorea da; harro gaude Monzonen pertsonaia erakutsiko dugulako, pertsona horrek ainitz egin zuelako Euskal Herriarengatik eta euskal lurraldeagatik".
Monzon pastorala 15.30ean hasiko da eta 3.800 pertsonentzako tokia prestatu dute Larrainen. Txartelak 13 eurotan salgai dira. Hurrengo larunbatean, abuztuaren 13an, berriro emango da pastorala Larrainen eta irailean Bergaran eskainiko da.
Biharko egitaraua goizeko 10.30ean hasiko da, pastoraleko arizaleekiko mezarekin. Ondoren karrika itzulia egingo da, bazkaria 12.30ean eta pastoralaren agerraldia 15.30ean izango da. Egun pasa osoa.