"Azoka ezin da hedatu bakarrik kontzientzia duten lau katurekin"
Hiru hamarkada luze daramatza Jon Irazabalek Azokaren inguruan beharrean eta, horietatik, hamabost urte euskal kulturaren topagune den honen zuzendari gisa. Krisiak ere hitzordu hau astindu duen honetan, ametsetako Azoka ez dela dio Irazabalek, "posible duguna baizik"
Durango. Literaturan nobedade po-tenterik ez egoteak eragina izango du Azokan?
Izen potenteen ordez multzoa da ga-rrantzitsuena, inolako behi sakratu barik. Eta multzo horrek, norbere gustua edozein dela, literaturaz eta musikaz disfrutatzeko aukera emango dio hurbiltzen denari. Afizio desberdinentzat daude nobedadeak; izen konkretuen gainetik globalidadea azpimarratu nahi dugu.
Kultura bat gonbidatu ohi duzue Azokara urtero eta aurten Kurdistan izango da. Zergatik hori?
Notizietan ageri da herrialdea egun, baina zoritxarrez. Bost estatutan ba-natutako herrialdea da eta egun bizi duten arazoa Euskal Herriak izandakoarekin zerikusirik eduki lezake. Horretaz gain, ezagutzera eman beharreko kultura milenarioa dute. Horregatik saiatzen gara estatu ga-beko kulturei tokia ematen.
Kurdistan ezagutarazi eta Euskal Herria bertara zabaldu ere?
Interkanbioa da, bai; baina gure ar-datsa hangoa gatazka hutsa baino gehiago dela ezagutzera ematea da. Milaka eta milaka urteko kultura bat dute eta euren eguneroko errealitate zabala, kulturaren ikuspuntutik eman gura dugu ezagutzera.
Georgia, Finlandia, Kurdistan... gonbidatu bai, baina Azokaren aurrekontutik kanpo jarraitzen du Ahotseneak, euskal sortzaileen guneak.
Lehenagotik ere egin dugu berba be-raiekin honen inguruan eta, azaldu diegun moduan, zaila da aurrekontuan sartzea. Azkenean, eurek esan ziguten bidea topatuko zutela dirua lortzeko. Oso interesgarria da gure-tzat euskal sortzaileei eskainitako es-pazio hori; apostu handi eta txalogarria da egin dutena. Azokak izan duen karentzia garrantzitsu bat oso ondo betetzen dute eta elkarlanean jarraitzeko intentzioa dugu. Eta eu-rei, noski, zorionak; nahiz eta gure babesa jaso, euren lana delako.
Inoiz barne hartzeko intentziorik?
Azoka osasuntsu balego pentsa genezake beste guztiak ere barne hartzea, baina arazoa ez da bakarrik ekonomikoa; espazioa eta ordutegiak ere mugatuak dira. Nahiz eta kanpotik gauza handia eman, ez da ametsetarako Azoka, posible duguna baizik.
Teknologia berriei zuzendutako hemeretzi erakusmahai egongo dira aurten. Azpimarratzeko datua, ezta?
Dozena bat urte dira teknologia be-rriei txoko ematen diegula. Azken batean Azoka ez baita paper eta liburu zaharren tokia; liburua zein ordenagailua izan, mamia delako funtsa. Lehen beste instrumentu batzuk zeuden eta etorkizunen beste batzuk izango dira. Guztietara egongo gara irekita, harrera ona duten neurrian.
Erotismoa izango da gai nagusia; ezin 69. ediziora itxaron, ala?
(Barreak). Antza ez. Hala ere, 69ra heldu barik, esaten dute 45a ere ona dela, bigarren gaztaro bat modukoa delako. Eta, aditza gora-behera, nor-nori-nork barik, nor-norekin saiatuko gara, ahal bada!
Aurreikuspenik egin zenezake?
Gaur egun ezin dugu jende kopurua eta horrek durangaldean duen eragina neurtu, baina nahiko genuke.
Bisitari kopurua ala horien kalitatea da garrantzitsuena zuentzat?
Nire iritziz, erosten duen bisitari se-lektoen Azoka baino, denona behar du; askok liburuetara hurbiltzeko gune bakarra dute hau. Elitea hor dago baina jende arrunta egotea ere ona da. Azoka hedatu nahi badugu ezin da kontzientzia duten lau katuena izan; jende asko dago hemen zerbait dagoela badakiena eta igoal hurbilduko dena. Lortu behar duguna da euren gauza ere badela sentitzea.