- Aurtengoan, oso modu ezberdinean planteatu beharko du Bizkaiako gizarteak udako aisialdia, batez ere, haurrak dituzten familiek. Koronabirusaren pandemiak, eta honek daukan kutsaketa eta hedapen arrisku handiak, hainbat ekintza bertan behera uztera behartu ditu entitate eta herritarren elkarteak eta, kasu askotan, biztanleriak ezinezko izango du oporretan Euskal Herritik kanporako txangoak egitea. Horrenbestez, herri bizkaitarretan berebiziko garrantzia eskuratuko dute bertan dauden aisialdirako baliabideak eta, kasu honetan, Derio eta Larrabetzuko auzokideek udako egun berotsuak igarotzeko aukera izango dute uztailaren 1etik aurrera, izan ere, Udalek bertoko udal-igerilekuak zabaltzea erabaki dute.

Derioren kasuan, estali gabeko igerilekuak bakarrik izango dira zabalik eta, osasun-egoera kontuan izanda, murriztua izango bertoko pertsona edukiera. Hiru txanda desberdinetan bereiziko da kirol-guneko aktibitate; goizez 11:00ak eta 13:45ak bitartean, eguerdian 14:00ak eta 16:45ak bitartean eta arratsaldean 17:00ak eta 19:45ak bitartean. Kasu guztietan, higiene neurriak mantentzeko pertsonala bertan arituko da eta debekatuta egongo da eguzkia hartzea. Honetarako, Derioko Udalak bi gune berezitu antolatuko ditu Uribe Parkean eta Ganben, beti ere segurtasun distantzia mantentzeko neurriak hartuta. Beste alde batetik, Derioko Udal Kiroldegiko bazkideek uztaila, abuztu eta iraileko kuotan %50eko deskontua izango dute.

Larrabetzuko kasuan ere txandaka funtzionatuko du igerilekuak; goizean 11:30ak eta 15:30ak bitartean eta arratsaldean 16:00ak eta 20:00ak bitartean. Bi txanden aurretik eta ostean, desinfekzio lanak egingo dituzte. Hauetako bakoitzean 80 pertsona izan ahalko dira gehienez elkarrekin, bi metroko distantzia errespetatuz. Ur-espazioari dagokionez, hamar ume sartu ahalko dira gehienez haurrentzako igerilekuan eta, nagusienean 30. Bertara joan ahal izateko, beharrezkoa izango dute larrabetzutarrek aurretiaz hitzordua eskatzea 94 455 82 76 telefonora deituta.