Gaur egun bizitzen ari den osasun-egoera larri honek segurtasun materialaren kontsumoa era nabarmenean areagotu du. Hainbestekoa da hau, non kasu askotan maskara, bisera-babesle, eskularru zein gel desinfektatzailea bezalakoak falta diren lantegi ugari dauden. Hau kontuan izanda, Larrabetzuko Udalak eta herriko Patchwork taldean ekimen solidario berri bat martxan jarri dute. Kasu honetan maskarak jostearen inguruan dabil biraka kontua, herritarrek musu-truk emandako materialekin osatuta.

Aste honetako martitzen eta eguaztenean, goiz eta arratsaldez, udaletxeko atean ontzi bat jarri zen jendeak bertan uzteko ehengaiak eta, bestalde, antolakuntza ere etxez etxe ibili zen bilketa lanak egiten. Udalaren arabera, ohial mordoa jaso dira bi eun hauetan, nahiz eta goma kantitatea urriagoa den: “50 pertsona inguruk egin dute beren ekarpena eta, gainera, Derioko beste talde batekin eta hainbat mertzeriarekin hitzartuta daukagu material gehiago emango digutela, beraz, oso erantzun ona egon da”.

Jada, 40 pertsona inguru ari dira jo ta su maskara hauek josten, puntadaz puntada. Lan-taldea denetariko jostunek osatzen dute, hasiberriak eta a-dituak direnak, horrenbestez, oso gatza da zenbat maskara egingo diren kalkulatzea: “Datorren astean lehenengo txanda bukatuko dugu. Honen arabera, jakin ahal izango dugu zenbat egingo diren gutxi-gora-behera”, adierazi zuten antolakuntzatik. Kontuan izanda etxean egindako maskarak ez dutela osasun-zentro zein nagusien egoitzatan erabiltzeko balio, Udala zein sektoreren artean banatu aztertzen ari da: “Uste dugu etorkizun hurbil batean beharrezkoak izango direla kalera ateratzeko, hortaz, egokia izan daiteke herritarren artean banatzea. Hala ere, lehentasun batzuk zehaztu beharko genituzke”.