Bizkaiako lurraldeak dituen paisaia baliabideek bertoko txoko desberdinetan argazki paregabeak eskuratzeko aukera ematen dute. Hau kontuan izanda, Mungiako Udalak oso modu berezi batean planteatzen du urteroko egutegiaren diseinua; biztanleriaren arteko argazki lehiaketa bat antolatuta, Mungiharro lehiaketa. Nahiz eta otsailaren amaieran egon oraindik, ekimen honen edizio berri bat jarri da martxan jada. 2021 urteko egutegiko gai nagusiak urteak dituen lau urtaroak izango dira: negua, udaberria, uda eta udazkena. "Gure helburua Mungiako txoko desberdinak urtaro desberdinen ikuspuntutik erakustea da. Horregatik, ezinbestekoa izango da partehartzaileek Mungiarekin harremana daukaten eta gai nagusiarekin lotura daukaten argazkiak aurkeztea", azaldu zuen Udalak.

Txapelketako partaideak adin-nagusikoak izan beharko dira eta, adin-txikikoak izanez gero, ordezkari legalaren baimena aurkeztu beharko da. Epeei dagokienez, irudiak modu telematiko zein presentzialaren bitartez entregatu beharko dira urriaren 20a baino lehen. Behin lehiaketaren antolakuntzak partaideen argazki guztiak jasota, udaletxeko erakusketa aretoan aurkeztuko dira hamabi panel desberdinetan -urteko hilabete bakoitzeko bat- eta biztanleria izango da bertoko onenak aukeratzeaz arduratuko dena. Panel bakoi-tzeko irudi onena hautatuko dute eta guztietatik boto gehien jasotako irudia 2021 urteko egutegiko azalean agertuko da.

Irabazleak 300 euro lortuko ditu, beraz, mungiarrentzako ordua heldu da paisaia desberdinak irudikatu eta urteko garai desberdinak aprobetxatzeko Mungiharroko irabazle izan ahal izateko eta egutegia irudikatzeko modu artistiko batean.