Derio - Azken urteetan, teknologiak pisu handia hartu du bizkaitarren eguneroko bizitzan eta, horrenbestez, lan munduan ere. Honen harira, Txorierriko Mankomunitateak eta Bizkaiako Foru Aldundiak elkarlanean, EGAZ Txorierri plataformaren laguntzarekin, honen inguruko konpetentziak lantzeko ekintza berezi bat prestatu dute: Teknogunea edo teknologia kampusa. Iniziatiba hau eskualdeko Gaztedi programaren barne dago eta 16 eta 18 urte bitarteko eta Txorierrin erroldatuta dauden ikasleei dago zuzenduta. Ekimena datorren astean ospatuko da Derioko Kultur Birikan, abenduaren 26 eta 27ko goizetan zehar, hau da, eguen eta barikuan. Bertan parte hartuko duten ikasleek laser bidezko grabatua zuhurezko diska batean egiteko diseinatutako beso robotiko baten inguruko erabilera ikasteko aukera izango dute, Dobot Magician-ekin. Gainera, Python programazio sistemaren inguruko jakintzak eskuratzeko aukera aparta izango da Kultur Birikan ospatuko diren bi jardunaldietan. “Gabonetako tailerrean izena ematen dutenek robotaren mugimenduak programatzen ikasiko dute, laserrarekin grabatu nahi duten irudia edo logotipoa diseinatuko dute eta, amaitzeko, laser bidezko pirograbaketa teknika erabiliz euren grabatua sortuko dute, Dobot Magicianen bidez. Behin grabatuta, diskoa eraman ahal izango dute tailerra bukatzean, euren diseinu propioa duen zintzilikario edo giltzatakoa edukitzeko”, azaldu zuen antolakuntzak eta, honetaz gain, eskolaz kanpotik teknologia eta zientziaren inguruko bokazioa eta kulturaren sustatzearen garrantzitsua azpimarratu zuen. Ekimen berezi honen kostuari dagokionez, erakunde antolatzaileek %100ean diru-lagunduko dute hau, beraz partaideek ez dute inolako kantitaterik ordaindu beharko. Gainera, Deriotik kanpo bizi direnen mugikortasun arazoak ebazteko, herri desberdinetatik Kultur Birikara eramateko eta bertatik euren etxeetara bueltan eramateko doako autobusak egongo dira. Hauen irteera ordua goizeko 9.00ak izango dira; Larrabetzuko Basagurenalde kaletik aterako da eta ondoren, Lezamako frontoitik, Zamudioko Txorierri etorbidetik, Loiuko Zabaloetxe etorbidetik eta Sondikako Txorierri etorbideko Aragua Tabernatik geldialdi desberdinak egingo ditu autobusak. Itzulera, 13.15etan izango da Derioko Kultur Birikatik. Teknogunean parte hartu nahi dutenek, EGAZ Txorierriren bitartez egin ahalko dute bertarako izena ematea, era digital zein presentzialean.