larrabetzu - Azken udaldi guztietan bezala, aurreko astean 30 haur saharaui inguru heldu ziren Larrabetzuko ikastetxe publikora, denak hamar eta hamabi urteko adin bitartekoak, Bakeleku Udaleku. Horregatik, Larrabetzuko Udalak, beste hainbat erakunderekin batera -Oporrak Bakea, Euskal Fondoa, Esukadiko Saharauien Ordezkaritza eta abar - , eurentzako ongi etorri jai bat antolatuko du uztaileko hirugarren zapatuan, hots hilak 20. Ekintza programazioa egun osoan zehar garatuko da herriko plazan.

Ekimena “Orain bi familia ditut; bat Saharan eta bestea Euskal Herrian” lelopean antolatuko da eta lehenengo ekitaldia goizeko 11:00 eta 13:30 tartean prestatuko da. Bertan, haurrentzako mota desberdinetako tailerrak eta jolasak egongo dira eta, gainera, herrialde arabiarretako infusio eta gozokiak gustoko dituztenentzako dastaketa bereziak egongo dira. Bestalde, gorputza apain-tzeko henna tatuaiak egiteko aukera egongo da, arropa tradizionalak eta Jaimaforum ekitaldiaz gain.

Udala bezalako entitateei dagokienez, eguerdiko 12:00etan prestatuko dute Saharako haurrei harrera ofiziala emateko ekitaldi instituzionala. Ondoren, jada sabela garrasika izanda, herri bazkaria ospatuko da plazan bertan 14:00 eta 16:00rak bitartean arratsalderako plangintza anitzerako indarrak berriztu ahal izateko. Uztailaren erdialdean egin ohi duen sargoriari aurre egiteko, jaialdiaren antolakuntzak ur jolasak izango dituen haurrentzako parkea egongo da, horregatik, bertara bainu jantzia eramatea gomendatzen dute elkarteek.

Larrabetzuko eta Saharako haurrek euren gorputzak freskatu ostean, ekitaldi musikalen txanda ailegatuko da. Hayu eta fudhya musika estiloen kontzertua eskeiniko da arratsaldeko 19:00ak eta 20:00ak bitarteasn. Ondoren eta kultura eta etorkintza aniztasun handia izango duen jaiegun honen ekintza programazioari amaiera emateko, haurren kantuak izango dira jai giro alaia borobiltzearen arduradunak. Azken finean hori delako ekitaldiaren helburuak; kanpoko zein bertoko umeek kultura aniztasunean oinarritutako jardunaldi ederra igaro ahal izatea. - O. Pérez