Ugao-Miraballeseko Udalak 5.334.678 euroko aurrekontua izango du 2022an, hau da, aurreko urtean baino % 13,63 gehiago. Hori adostu egin zuten abenduaren 28an ospatutako ohiko osoko bilkuran.

Tokiko gobernuak pandemiaren bilakaerari egin beharko dio aurre, baina ugaotarren zerbitzu publikoak, ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko helburuei eutsiko die. Aurkako botorik gabe, 2022ko aurrekontua EAJ-PNVren aldeko botoak jaso zituen (7) eta EH Bilduren abstentzioa (4).

“Bene-benetan, uste dut gure herritarren beharrei eta eskaerei erantzuten dien aurrekontua dela. Hobekuntzak jasotzen ditu segurtasunean, argiztapenean, bide garbiketan eta lorezaintzan, baita auzoetako sarbideetan eta energia eraginkortasunean; kulturaren, euskararen, berdintasunaren eta kirolaren aldeko apustua egiten duen aurrekontua ere bada. Ez dugu inor atzean uzten, laguntza bat behar duenak eta ezarritako legezko baldintzak betetzen dituenak, jasotzen duela bermatzen dugu, eta hori funtsezkoa da guztiontzat”, adierazi du Ekaitz Mentxaka alkateak.

Alkateak agerian utzi nahi izan du bi alderdi politikoen artean akordioak lortzeko agertutako jarrera eta giro ona. Halaber, Mentxakak azpimarratu du aurrekontu parte hartzaileen prozesuak arrakasta handia izan duela aurten ere, 30 herritarrek baino gehiagok parte hartu baitute. Ildo horretan, adierazi du 2022an egingo diren inbertsio garrantzitsuenetako batzuk ugaotarren proposamenetatik sortu direla, eta, beraz, eskertu egin du udalerria hobetu nahi izateko jarrera.

Zenbakiei dagokienez, eta dirusarrerei erreparatuz, Udalkutxatik datozenak 3.205.993 eurokoak izango dira, hau da, aurrekontu osoaren %60,10. Aurreikusitako dirusarreren 5,33 milioi euroetatik, 3,85 milioi (%72) beste erakunde batzuetatik datoz (Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia), eta tokiko zerga eta tasen bidez bildutakoa dirusarrera guztien %27,83 da. Datu horiek erakusten dute Udalak, dirusarrerei dagokienez, Aldundiarekiko eta Eusko Jaurlaritzarekiko duen mendekotasuna, eta, beraz, argi eta garbi uzten dute dirusarrera propioak handitu beharraren garrantzia, batez ere kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzen jarraitzeko behar besteko gaitasuna izateko, batez ere Udalkutxaren ekarpena nabarmen jaisten den urteetan ere.

Gastuari dagokionez, azpimarratu behar da nabarmen handitzen direla bideen garbiketari, lorezaintzari eta barrualdeen garbiketari dagozkien partidak, langileen soldata-baldintzak hobetu ondoren, bai eta esleipen berriaren ondoren egingo diren inbertsioei dagozkienak ere. Helburua zerbitzua hobetzea da, gaur egun dauden arazo handienak saihesteko: edukiontzietatik kanpo hondakinik ez geratzea, espaloiak hobeto garbitzea, etab. 2022an Udalak 238.000 euro gehiago gastatuko ditu.

Bestalde, adierazi behar da langileen kapituluak aurrekontuaren %27,86 hartzen duela. Langileen soldata-igoera %2koa izango da. Alkatetzako soldata da izoztuta egongo den bakarra, azken 10 aurrekontuetan zortzigarren aldiz.

GIZARTE POLITIKAK ETA INBERTSIOEN INDARTZEA, AURREKONTUAREN ARDATZ NAGUSIAK

2022ko udal-kontuen ezaugarri nagusia gizarte-politikak bultzatzea da. Gizarte Ekintzaren arloan, Etxez Etxeko Laguntza partidan 100.000 euro aurreikusi dira. Gizarte Larrialdietarako Laguntzei dagokienez, 2021ean 95.000 euro izatetik 2022an 115.000 euro izatera igaro da. Gainera, larrialdiko ezustekoak estaltzeko, Udaleko Gizarte Larrialdietako partida mantenduko da, 5.000 euroko aurrekontu-zuzkidurarekin.

Zainduz programaren aurrekontua handitu egin da mendekotasuna duten pertsonak zaintzen dituztenentzako arreta-zerbitzuekin, eta eutsi egin zaie familiei aholkularitza juridikoa emateko zerbitzuari eta gizarte eta hezkuntza-arloko esku-hartzeari. Azken kasu honetan, partida 46.583 eurotik 66.000 eurora igo da; izan ere, lanaldi erdikopsikologo bat kontratatzea aurreikusten baita. Aurten ere, Udalak partida bat izango du Laguntza Teknikoen Bankuarentzat, proiektuarekin bat egiten duen lehen Udala izango delarik. Era berean, Udalak ke-detektagailu berriak instalatzen eta adinekoen etxebizitzetan daudenak mantentzen jarraituko du. Horregatik guztiagatik, tokiko gobernuak argi eta garbi azpimarratzen du udal korporazio honen lehentasuna ugaotar guztien behar sozialak asetzea dela.

Inbertsioei dagokienez, aurtengoa urte esanguratsua izango da, herriaren aurrerapena ahalbidetuko duten proiektuak bultzatzeko apustu sendoa eginez. Alkateak azpimarratu du auzoentzako aurrekontua dela, hala, 105.000 euro bideratuko dira sarbideak hobetzeko, auzoetako batzuetan gainera argiztapena ere hobetuko da.

Kulturarako ere aurrekontu garrantzitsua izango da, izan ere, kultura jardueretarako partida handitu egingo baita, pandemiak ahalbidetzen badu, adibidez, 2020an ospatu ezin izan zen Erdi Aroko merkatu tradizionala antolatuko da. Kirolak ere izango du protagonismoa aurten. Padel kantxako belarra ordezkatuko da, futbol zelaiko aldagelak berrituko dira eta Covidak horretarako aukera ematen badu, Herri Krosaren edizio berri bat egitea aurreikusten da.

Enpleguaren arloan, aurten ere gazteen eta langabeen prestakuntzaren aldeko apustua egingo da, Kultur Etxean eta Gazteinfon antolatzen diren ikastaroen bidez. Aurrekontu honek eraginkortasun energetikoaren eta energia berriztagarrien aldeko apustua ere egiten du, Udiarraga auzoan eguzki-argiak jarriz, kiroldegiko eta eskolako galdarak aldatuz edo Leitokiko Eskolan eta Udalean bertan led teknologiako argiak jarriz. Argiteria publikoa udalerriko zenbait gunetan hobetzeko neurriak ere jasotzen dira, parte-hartze prozesuan jasotako eskaera nagusiei erantzunez. Hortik, kontsumo handieneko udal eraikinen auditoretza energetikoa egingo da, eta datozen urteetan auditoretza horretatik ondorioztatzen diren neurriak hartuko dira, Udalak energia berriztagarriak ezartzera eramango dutenak.

Udalak tokiko ekonomia suspertzen jarraituko du, saltokien eta ostalaritzako establezimenduen beharrei erantzuten saiatuz. 15.000 euro bideratuko dira Ugaobonuaren edizio berri bat abian jartzeko, eta, aldi berean, dirulaguntza garrantzitsua emango zaio Merkatarien Elkarteari. Dirulaguntza horiek beste esparru batzuk ere hartuko dituzte, hala nola kultura, kirola edo gizartea, eta guztira 290.686 euro bideratuko dira hainbat pertsona eta erakundeei laguntzeko. Zenbateko horrek tokiko gobernuak bai gizarte-sarearekin, bai ugaotarren interes orokorreko proiektuak sustatzen dituzten beste eragile batzuekin duen konpromisoa erakusten du. Era berean, aurten, dena bide onetik badoa, argi berdea emango zaio HAPOren behin betiko onespenari.