Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera sanitarioa dela eta, Ugao-Miraballeseko Udalak bertan behera utzi egin ditu abuztuan ospatzekoak ziren Ama Birjinaren omenezko jaiak, bigarren urtez jarraian.

“Egoera sozio-sanitarioak hobera egin du iazko datuekin alderatuta, neurri handi batean txertaketa prozesuak aurrera egin duelako. Hala ere, datu epidemiologikoei erreparatuta, baldintzak ez dira oraindik ere onuragarrienak Ugaon disfrutatzen ditugun bezalako jaiak ospatzeko. Zuhurtasunez eta arduraz jokatuz, gure bizilagunen osasuna lehenetsi dugu”, adierazi du Ekaitz Mentxaka alkateak. Jaiak ez dira pandemiaren aurretik antolatu izan diren bezala ospatuko. Hala ere, udalerriko familien gozamenerako kultur-programazio alternatiboa diseinatu da, formatu murriztuan eta edozein motatako jende-pilaketak saihestuz. Programazioa irailaren 3tik 12ra egingo da. Ikuskizun gehienak Institutuko kirol-pistan egingo dira, espazio horrek edukieraren kontrola eta bestelako neurri higieniko-sanitarioak errazten dituelako. Jarduera guztiek covid-aren aurkako dagozkien protokoloak eta neurriak izango dituzte.

Askotariko programazioa izango da, eta, besteak beste, kontzertuak, antzerki eta dantza emanaldiak, herri-kirolak, patinajea, zirku-emanaldiak eta C.D. Ugaoren aurkezpena izango dira. Programazioak, herriko bizitza soziala dinamizatzeaz gain, pandemiak hainbeste zigortu duen sektore kulturala bultzatzeko balioko du.

Gogoratu beharra dago, abuztuaren 24an, herriko zaindaria den San Bartolome egunean, ez direla ohiko ekitaldiak ospatuko. Horren ordez, jarduera bakarra antolatu da egun honi keinu txiki bat egiteko: "Rojo Telón" zirku-antzerki konpainiaren NUDO ikuskizuna taularatzea. Hitzordua 20:00etan izango da Institutuko kirol pistan. Ikuskizun honek, umoretik eta zirku berritik abiatuta, hiru pertsonaiek gorputzaren eta mugimenduaren bidez sortutako unibertsoa hartzen du abiapuntu, zirkua lengoaia gisa erabiliz. Lurretik muturrak lotzen eta gaur hitz egin nahi duen korapilo hori airean askatzen. Umorearen, interpretazioaren eta zirku-tekniken (airekoak eta lurzorukoak) bidez, mundu desberdinak zeharkatuko dituzten hiru emakume, publikoa melenga dadin eta esperientzia "zerutiarra" bizi dezan. Ez da plazarik edo sarrerarik erreserbatu beharko. Hori bai, edukiera-muga bat ezarri da (200 aulki), eta maskara nahitaez erabili behar da.