LAUDIO. Udal kiroldegiko ordainketa-kuotaren erdiaren itzulketa eskatzeko epe berria zabaldu egin du Laudioko Udalak, koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta.

Kirol-abonamenduen eta ikastaroetako matrikulen zenbatekoak automatikoki itzuli zituen udalak, banku-transferentzia bidez, ordainketa helbideratuta zutenentzat. Hala ere, Joseba Amondo Kirol zinegotziak adierazi duenez, "Herritar batzuek ez zuten ordainketa modalitate horrekin egin, horregatik, banaka eskatu behar zuten".

Pertsona horietako askok ez zuten halakorik egin; horregatik, Udalak beste epe bat ezarri berri du, guztiek eskatu ahal izan dezaten Alarma egoera indarrean egon zen aldian baliatu ez zuten kiroldegiko kuota itzultzeko.

"Epe berri hau abenduaren 9an, asteazkenean, irekiko da eta hilaren 24ra arte luzatuko da, biak barne", azaldu du Amondok, eta "epe berri hau igarota ez da erreklamaziorik onartuko", gaineratu du.

PROZEDURA

Erreklamazioa egin ahal izateko, ahal dela, herritarren eskura dauden udal bide telematikoak erabiltzea gomendatzen da. Horretarako, udalaren webguneko egoitza elektronikoaren atalean sartu eta laudio@laudio.eus helbide elektronikora mezu bat bidal daiteke.

Garrantzitsua da gogoratzea Laudioko Udalak, pandemiaren bilakaerari eta koronabirusak gizartean eragiten dituen ondorio soziosanitarioei jarraituz, azaroaz geroztik Herritarrentzako Arreta Zerbitzura (haz) baino ezin duela jo, aurrez hitzordua eskatuta. Hori dela eta, udal-instalazioetara joan gabe administrazio-kudeaketak egiteko aukera dagoela gogorarazten du Udalak. Adibidez, kontsultak 010 edo 944034800 zenbakien bidez egin daitezke Laudiotik kanpo deituz gero.