LAUDIO. Laudioko Udalak 87.085,13 euroko aurrekontua bideratu egin du Gardeako kiroldegian teniseko kantxa estali bat eraikitzeko. Konkretuki, frontoiaren barruan eraiki dute.

Joseba Amondo Zerbitzu eta Auzoetako zinegotziak azaldu duenez, aspalditik “herritar asko ari dira Gardeako kiroldegian tenisean aritzeko espazio estali bat sortzeko eskatzen, udaberri-uda denboralditik kanpo oso zaila egiten baita programatutako jardueren egutegia mantentzea”, eta azpimarratu duenez, “Eskaera hori 1988an sortutako Laudio Tenis Klubak babesten du”.

KIROLGUNEAK EGUNERATZEA ETA HOBETZEA

Duela urte batzuk, Gardeako kiroldegiko frontoi estaliaren barruan pista bat markatu zen dagozkion arauzko neurriekin, baina dagoen azalerak ez zituen Espainiako Tenis Federazioak eskatutako baldintzak betetzen. Horrela, “Udalak dagoen zoladura egokitu du, bai tenisa egiteko Kirol Kontseilu Gorenak eskatutako baldintzetan, bai pilota egiteko”, adierazi du zinegotziak.

Hala ere, “Une honetan erretxinen akabera atzeratzea erabaki da, akabera perfektua izan dadin; izan ere, hezetasun maila eta tenperatura kontuan hartuta, enpresa aplikatzaileak ez du emaitza bermatzen”, zehaztu du Amondok. Bitartean, joko-markak margotu dira Laudio Tenis Klubak estalpean entrenatu ahal izateko.

“Egungo Gobernu Taldearentzat ezinbestekoa da auzotarrek urteetan planteatzen ziguten beharrari erantzutea, Laudion urteko edozein garaitan hain maite dugun kirol honetaz gozatu ahal izateko, eta estalitako kantxa berriari eta egin diren hobekuntzei esker, posible izango da”, amaitu du Joseba Amondok.