UGAO-MIRABALLES. Koronabirusak eragindako alarma estatua eta horren ondoriozko konfinamendua ezarri zenetik, herrietako aisi-leku guztiak itxi behar izan dira. Hala ere, herritarrei entretenimendua eskaintzen jarraitzeko, Ugao-Miraballeseko Udalak "Ugao-Miraballes kulturala" izeneko bloga eratu du. Blogaren programazioa familia guztiari bideratuta dago, baina bereziki adingabeei. Blogak herriko Kultur Etxea, Ludoteka, Gaztelekua, Mirabatxo, HEZ eta GazteINFOk eskaintzen zituzten zerbitzuak ordezkatzen ditu nolabait.

"Ekimen honekin, Ugao-Miraballesko zerbitzu kulturalak auzokideen eskura egoten jarraitzea nahi dugu, egunerokotasunean erabili ditzaten. Gaur inoiz baino gehiago garrantzitsua da animoa eta umore ona mantentzen lagunduko diguten gozamen uneak besteekin elkarbanatu ahal izatea, sakelakoaren edo ordenagailuaren bidez bada ere" adierazi du Ekaitz Mentxaka alkateak.

Honez gain, gogoratu beharra dago Udalak, orain aste batzuk, bai kirol, kultura eta gizarte arloan kontratatuta dituen enpresa guztiei jakinarazi ziela, ez duela nahi ABEEErik (Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteak) aplikatzea eta beraz, dagozkien betebeharrei aurre egingo diela langile horien lan eskubideak bermatzeko. Horren adibide da blog berri hau. "Formula desberdinak martxan jartzeko eskatu genien, konfinamendu aldi honetan, ugaotar guztiak, gazteak, aisialdi ikastaroetan izena emandakoak... aktibo mantentzen jarraitzeko edota familian aisiaz gozatzen jarraitzeko xedearekin", esan du Mentxakak.

GUSTU ETA ADIN GUZTIETARAKO JARDUERAK

Blog berriak aisialdi ikastaroek, Historia Ezagutzeko Zentroak, GazteINFOk, Gaztelekuak, Mirabatxok eta Ludotekak proposatutako jardueren bideoak, tutoretzak eta argazkiak zabaltzeko guneak izango ditu. Jarraian, sekzio desberdinen edukiak deskribatzen dira:

  • Aisialdi ikastaroak: ikasgai desberdinen arabera mota guztietako publikoei zuzendutako espazioa da. Hemen argitaratuko dira bideo tutorialak, Ugao Miraballesen ematen diren ikastaro guztietako klaseekin. Zehazki , haur eta helduen pintura, larrua, jostura, haur eta helduentzako eskulanak, Pachtwork, bolilloak eta puntuzko teknikak.
  • Ludoteka: 2005 eta 2008 urteen artean jaiotako haurrei zuzenduta, atal honetan era guztietako jolasak, errezetak, eskulanak... eta beste mila gauza aurkituko ditugu familian imajinatzen, sortzen, amesten jarraitzeko.
  • Mirabatxo: 2009 eta 2011 urteen artean jaiotako haurrentzat. Topaketarako gune ezberdina da. Mirabatxo klubean Ugaoko haur iratzarrienentzat neurrira egindako jolas eta tailerrez gozatu ahal izango da.
  • Gazteleku: 2008 eta 2002 urteen artean jaiotako gazteentzat (nerabezaroa). Topagune digital honen bitartez, jarduera ugari eskainiko dira, jolasak, filmen, telesailen, irakurketen€ gomendioak eta adin talde honentzat garrantzitsua den guztiari buruzko aholkularitza eskainiko da.
  • GazteINFO: 16-35 urte bitarteko gazteei zuzendutako zerbitzua, enpleguari, kulturari, prestakuntzari, osasunari, aisialdiari€ buruzko informazio erabilgarria eskaintzen duena. Gainera, coaching on line zerbitzu pertsonalizatua eskaintzen du.
  • Historia Ezagutzeko Zentroa: HEZak Eskualdean aitzindaria den baliabideak, materialak argitaratzen eta hezkuntza materiala eskaintzen jarraituko du. Bizkaiko museoak etxetik eta modu ezberdin batean bisitatu ahal izateko hainbat proposamen izango dira.

Blogeko jardueren eskaintza handitzen joango da egunero, osasun alertak irauten duen bitartean. Era berean, kultur gune birtual hau udalerriko auzotarren proposamenei eta ekarpenei irekita egongo da une oro.