Bermeoko Udalak herriko kirol instalazioetan garbiketa lanak aurrera eramateko kontratu berria esleipenera atera du. Garbiketa lanak burutzeko 155.000 euroko diru partida gorde da, BEZ-a kontutan hartu gabe. Hala ere, udaleko iturriek azaldu dutenaren arabera, "kopuru honek, gehienez, %10eko igoera izan dezake, baldin eta langileen eta enpresen artean soldaten igoera adostearen ondorioz, lan kostua handitzen bada".

Garbiketa bermatzea "ezinbestekotzat" jo dute udal administraziotik. Bermeoko udalak bere gain hartu berri ditu eraikin eta instalazio hauen kudeaketa, Kirol Patronatua desegin ostean, eta garbiketa zerbitzua egiteko "ez du langile nahikorik", nabarmendu dutenez. "Langile espezializatuak behar dira, makineria berezia (garbiketa mekanikoa egiteko) eta langileen ordutegiaren ekintza bereziak daudenean egokitzeko". Guzti hori udal langileak izanda ezinezkoa litzateke (egutegiak, ordutegiak, oporrak, lizentziak, e.a.)". Araneko kiroldegia, Jose Done eraikineko kantxa eta Artza frontoia garbitzea da kontratuaren xedea.

Pleguek nabarmentzen dutenez, Artza frontoia egunero garbitu beharko da astelehenetik barikura goizeko 10ak baino lehenago; zapatu, domeka eta jai-egunetan 9ak baino lehen. Bestetik, Jose Doneko kantxa eta aldagelak, "arratsaldeko 15:00ak baino lehenago, garbitu beharko dira". Garbiketak urriaren 1etik maiatzaren 31ra arte egingo dira, Gabonak eta Aste Santuko oporrak kanpo. Azkenik, Araneko kiroldegian "garbiketa lanak egunero egingo dira goizeko 6etatik aurrera".

"Uste dugu sartu dugun klausula honek langileen eta enpresen arteko negoziazioan akordio batera iristeko bidea erraztu dezakeela, kontratu honek soldatetan hobekuntza egiteko aukera aurreikusten baitu eta honi esker, enpresak negoziaziorako margen gehiago izan dezake. Hori horrela, Udalak bere eskumenen barruan esfortzu hau egin ostean, alde biei akordioa lortzeko eskatzen die zerbitzuak %100ean eskaini daitezen. Egoera honekin galtzen ateratzen garenok bermeotarrak gara", adierazi du Aritz Abaroa alkateak.