Datorren urterako aurrekontua onartu du Ondarroako Udalak, EH Bilduko zinegotzien aldeko botoarekin eta Eaj alderdiko arduradunen abstenzioarekin. 11,6 milioi euroko aurrekontua izando da Udalak, "iazkoaren antzekoa"; izan ere "aurtengoak 141.496 euro gehiago ditu". Besteak beste, murrizketarik egingo ez direla nabarmendu dute. Aurrekontuek "oinarri bi" dituztela azaldu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak: "Lehenengoa, zergarik ez igotzea herritarrei eta bigarrena, oinarrizko zerbitzuen aurrekontuetan (ongizatea, berdintasuna, euskara...) inolako murrizketarik ez egitea".

"Lehentasunak" izan dira Ondarroako Udalarentzat oinarriok, halaxe dioten bezala. "Batzuetan kontrakoa saltzen diguten arren egoera ekonomikoa ez da ona, eta horren erakusgarri da esaterako ondarrutar askoren ogibide diren inguruko lantegiek bizi duten egoera zaila. Halakoen aurrean ezin dugu ez zergarik igo ezta oinarrizko zerbitzuetan murrizketarik egin ere. Herritarren bizi kalitatea bermatzen jarraitu behar dugu". Hala azaldu du Ibaibarriaga alkateak. Bestetik, aipatzekoa ere bada urte amaitu baino arinago eman zaiola onarpena, orain arte gertatu ez de moduan. "Azken urteetan lortu nahi izan duguna lortu dugu aurten, urtea amaitu orduko aurrekontuak onartuta izatea. Horrek inbertsioetarako diru gehiago eta eskuragarri arinago edukitzea ekarriko du, herriko taldeei dirulaguntzak arinago bideratzea...". "Nahi genuen eta lortu dugu. Orain, batzorde bakoitzean zehaztuko da alor bakoitzeko aurrekontuarekin zein diren batzordekideen iritziak, eta horren arabera ezarriko dira alor bakoi-tzeko proiektuak eta lehentasunak, alor bakoitzeko zinegotziek dauzkaten proposamenekin kontrastatzeko".

Datorren urterako aurrekontuekin, besteak beste, beharrezko diren zenbait inbertsio egite dute jomuga udal agintariek. Augustin Zubikarai enparantza eta Artabidera doazen eskailerak konpontzea, Artibai egoitzan teilatua kopontzea eta igogailu berria ipintzea, Txori Errekara gasa eramateko lanen II.fasea, HAPOarekin jarraitzea eta Ibaiondoko proiektua idaztea. Udalak "eskuartean dituen gainontzeko proiektuen exekuzioak 2021eko diru kontuen likidazioa egin ostean hasiko dira".