Iazkoa ikuslerik gabe ospatu ondoren, aurtengoan eraberrituta dator Lekeitioko Euskal Zine Bilera bere 44, edizioan. Azaroaren 20rik 28ra artean, euskerazko ikus-entzunezkoen ekitaldiak "pantailak bete nahi ditu", eta baita Ikusgarri Zinema ere, nahiz eta "iazko esperientziatik edukiak online jarraitzeko aukera ere emango" duen. "44. edizio honetan zine aretoa bete nahi dugu berriro baina hurbildu ezin direnak ahaztu gabe, hauei zinebilera.eus orrialdearen bidez edukiak eskainiz. Hori bai, jaialdiaren atal guzti guztiez gozatu ahal izateko aukera bakarra Ikusgarri zinera hurbiltzea izango da, honek izango baitu lehentasun osoa", antolatzaileek azaldu dutenez. Ohi legez, hogei filme lehiatuko dira Ureezko Antzarraren bila eta inguruan heinbat ekimen egiteko aukera izango da.

Ohiko egitasmoak presentzialki jarraitzeko aukera izango da, aurreko urteetan landutako espazioak mantenduz. Bere eduki guztiak hiru ataletan banandu dira: "Euskarazko zinema Sortu, Euskararen zinema Partekatu eta Euskal Zinemagintzarekin Saretu" dira atal ezberdinak. Sortu atalean "zinearen esperimentazio eta alfabetizazioarekin lotutako ekimenak aurkituko ditugu. Alde batetik, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean egiten den Kameratoia izango dugu. Gazteentzako euskarazko ikus-entzunezko rally honetan izena ematen duten taldeek, ordu gutxi batzuk besterik ez dituzte izango film labur bat egiteko". Bestetik, "Benito Ansola saria izango dugu, beka honen bidez euskarazko zinema indartzeko ahalegina egingo da, proiektuen lehiaketa bultzatu eta aukeratukoari finantzaketa laguntza eskainiz. Zoom atalean, Arropaineko Arragua eta Zinelab-en laguntzarekin sortutako Marangoni lantegia aurkeztuko da".

Partekatu delako sailean, "zinemaren arlo ezberdinak elkarbanatzeko xedea duten espazioak azaltzen dira". Alde batetik, aurre aukeratuak izan diren 20 lanek osatuko duten Sail ofizialeko lehiaketa izango dugu. Zein filme ariko diren lehian jada azaltzera eman dituzte dagoeneko antolatzaileek, zinebilera.eus orrialdean argitaratu dituztelarik. Sariak potoloak izango dira: Urrezko Antzarra jasoko du laburmetrairik onenak. Esandakoaren arabera, "iazko formatua mantenduz, aurten ere lehiaketa bateratua izango da, hau da, ez dira bereiziko lan profesional eta amateurrak" eta lehiaketan sartu diren sormen-lanak azaroaren 22tik 25era ikusi ahal izango dira Ikusgarri zineman. Beste aldetik, "euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzeko asmoz sortutako Euskal Zinemaren Begirada izango dugu". Nork eramango du? Hori ezagutzeko oraindik aste batzuk itxaron beharko ditugu.

Azkenik, Saretu atalean "euskal ikus-entzunezkoen sortzaile eta erakundeekin jarriko gara harremanetan", Eta harreman honen adibide, (H)emen elkartearekin batera, euskal zinemagintzaren egoera eta "ezinegonak partekatzeko solasaldia antolatuko da". Era berean, iaz estreinatutako Pantaila Irekia izenburupeko espazioan, "ikus-entzunezko beste jaialdi eta egitasmoei leiho bat irekiko" diote, eta aurtengoan Animadeba jaialdia izango da gonbidatua. "Bestalde, iraganetik datozen irudi eta soinuak biltzea xede duen Atzo8 atalean euskal zinema amateurrari buruz abian dugun ikerketarekin jarraituz, zinemagileei eta haien filmei buruzko saioak antolatuko dira. Aurten Tramana Pictures ekoiztetxea sortu zuten lekeitiar/lagun/zinemagile taldeari eskainiko zaio atal hau. Azkenik, Hazparneko Zinegin Festibalarekin lankidetza jarraituko da, aukeratutako film baten ikustaldia eta solasaldia eginez".

"Euskarazko ikus-entzunezkoen erakusleiho bilakatu da urte guzti hauetan". Eta hari honi tiraka, Leikeitio nbeste behin ere euskal zinemagintzaren egoitza izango da azaoraren 20tik 28ra, "gure ama hizkun-tzaren bidez zinea betetzeko ahalegina" eginez.