Bizkaia Bono Denda bigarren kanpainari atxikitutako Gernika-Lumoko Merkatarien, Ostalarien eta Zerbitzu Enpresen Elkarteak (GME) (GME) merkatariek ezinegona adierazi dute “kanpainaren funtzionamendu txarragatik”, eta atsekabetuta agertzen dira bezeroei eragindako eragozpenengatik.

GME-ren arabera, ez daude ados Bizkaian kontsumoa sustatzeko azken kanpainaren (Bizkaia Bono Denda) planteamenduarekin eta garapenarekin. “Kanpaina honetan, Bizkaiko Foru Aldundiak 38.550 bono bideratu dauz Bizkaiko 2.772 saltokitarako, eta kopuru horren ondorioz, Bizkaia Bono Denda azken kanpainari atxikitutako saltoki bakoitzari 13 bono egokitu zaie, Gernika-Lumoko bezeroei erantzun ahal izateko eskasak, hoietako askotan lehen hiru egunetan agortu baitira bonuak, kanpaina abenduaren amaierara arte aurreikusita egon arren”. Eta Gernika-Lumok “Bizkaiko merkatal dentsitate handienetako bat” duen udalerria da, %16ko portzentaiarekin. Euskadiko handienen artean dago, gainera, “eta bono eskasia dala eta, kanpaina honetan ez dira bete apirileko Bizkaia Bono Denda kanpainaren esperien-tzia positiboaren ondoriozko aurreikuspenak. Kanpaina horrek ondo funtzionatu eban 3.705 establezimendutan, 100.000 bono jarri ziren zirkulazioan, eta beste banaketa-sistema bat ere, zeinetan bezeroek eurek erosten eta trukatzen zituzten bonoak”, adierazi du Gaizka Muniategik elkarteko presidenteak.

Bestetik, formari buruzko kexa ere zabaldu dute, “Kanpainaren atxikipen- eta funtzionamendu-prozesuari dagokionez, GMEko merkatariak kexu dira informazio faltagatik eta kanpaina atxikitzean eta abian jartzean izandako arazo teknikoengatik”, diotenez. “Arazoak izan ditugu bonoak balioztatzeko eta telefono bidezko euskarri teknikoagaz harremanetan jartzeko”, azaldutakoaren arabera. Bigarren kanpaina honi atxikitutako GMEko merkatariek emandako bonoen eskasiagatik ere protesta dute, bestetik. “Salmentak ez ezik bezeroak ere galtzen ari gara”, diote.