LIFE Urban Klima 2050 delako ekimenaren bitartez, Tonpoi ingurua berreskuratzeko lanen lizitazioari ekin dio Bermeoko Udalak. Iragan den legegintzaldian hasitako proiektua, eta zenbati egokitzapen eginda, parke publiko moduan irekiko ditu ateak datorren urtean. Horrez gain, ingurua "klima-aldaketak eragindako berotzetik babesteko eremua" izango da, 12.500 metro koadrotik gorakoa.

Lizitaziora atera berri ditu lanak Bermeoko Udalak, 226.262 eurokoa da BEZ gabe- eta eskaintzak aurkezteko epea "2021eko urriaren 7an bukatuko" dela jakinarazi dute. Helburuei dagokienez, toki-administrazioak "esparru horren berreskurapen integrala" sustatu nahi dute, "bai ingurumenaren ikuspuntutik eta bai ikuspuntu sozialetik, hiri-ingurumariko azpiegitura berde bat sortzearen bidez". Azpiegitura horrek erabilera publikoa izango du, eta klima-aldaketara egokitutako irizpide jasangarriez egingo da. "Eremu horrek Natura 2000 Sarean sartuta dagoen eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren gune gisa sailkatutako dagoen hiru kilometroko kosta-zerrenda bat du, ingurumen-balio handikoa", azaldu dutenez.

Gunea leheneratzeko, txabolak, itxiturak eta mota horretako elementuak eraitsiko dituzte, baita aurki daitezkeen zabortegi txikiak kentzea ere. Bestetik, eta proiektuak aipatzen duen moduan, landare-espezie exotikoak kentzea dute jomuga. Azkenik, Talako parkearen eta etxebizitza-eraikinen alboan bertoko landareak jarriko dira, gerizpe gunea osatuz.

Bestetik, lanak egiteko proposamenak aurkezten dituzten enpresek "lur-eremuan gauzatu beharreko eraispen, berdintze eta garbiketa lanak; berdeguneetan gauzatzekoak diren paisajismo lanak eta oinezko bideak eraikitzeko lanak" egitea proiektatu beharko dute. "Proiektu honen bidez, parke publiko natural bat sortuko da Tonpoin, klima-aldaketak eragindako berotzetik babesteko eremuekin batera", Udalaren arabera. Lanak datorren urte hasierarako amaituko dira.

Ekimena

Tonpoiaren eraberritzea LIFE Urban KLIMA 2050 europar proiektuaren bitartez egingo da. 2019an abiatu zen, 20 erakundez osatutako partzuergo handi bati esker eta 19,8 milioi euroko inbertsioaz (Europar Batasunak 10,2 milioi euro finantzatu zituen, hau da, aurrekontuaren % 52). Guztira 40 ekintza gauzatzea nahi dute 6 urtean, hiru arlo espezifikotan: kostaldea, ibai-arroak, eta hiri-ingurumariak.