Txomin Agirre kaleko 28. zenbakiko eraikinaren egoerak eragindako auzian, Ondarroako Euzko Alderdi Jeltzaleko ordezkariek EH Bilduk zuzentzen duen udal gobernu taldearen jarrera salatu du, "interes partikularra lehenetsi" dutelako "ondarrutarren interes orokorraren aurretik". Eraikina eraisten hasia da Udala, nahiz eta gaiaren muina 2007an hasi zen. Lanok 138.000 euroko kostua dute, nahiz eta aurretik eragindako kalteordaina handiagoa den, milioi bat eurokoa.

Alde zaharreko Txomin Agirre kaleko 28. zenbakian eraikin bat eraikitzearen "aurkako demanda jarri zuen herritarraren posizioaren alde egitearen ondorioz, Udalak milioi bat euro inguruko gastuari aurre egin behar izango dio", jeltzaleen ordezkarien arabera. Ondarroako arduradun jeltzaleek deitoratu egin dute EH Bilduk "auzotar baten interes partikularra lehenetsi izana ondarrutarren interes orokorraren aurretik"; izan ere, "uko egin dio eraikina eraistea eta sortutako kalte-ordainak, kostuak eta kalteak saihestuko lituzketen irtenbideak hartzeari".

Alderdi jeltzaleak aitortu du "judizialki baliogabetu diren udal-jarduerek arau-hierarkiaren printzipioa urratzen zutela"; izan ere, Ondarroako Udala EAJ eta Eusko Alkartasunaren agindupean zegoela, "2007an onartutako xehetasun-azterketak aldez aurretik hirigune historikorako Plan Berezi bat onartzea eskatzen zuen", berau zehatz-mehatz ordenatzeko. Baina, defendatu dutenaren arabera, "jarduera horren inguruan hartu ziren erabaki politikoak txosten teknikoetan oinarritu ziren beti", azaldu du egungo bozeramaile den Maria Dolores Etxanok. Era berean, gogorarazi dute "EAJren Udal Gobernuaren helburua Pixapen, gaur egun kale hori Iparkalerekin lotzen duen igogailua eraikitzea" zela, auzorako irisgarritasuna bermatuz eta espazio libreari buruzko irtenbide bat emanez.

Etxanok zuzentzen duen taldeak erabat arbuiatu du "jarduera honetan edozein arrazoi espekulatzailerik edo alderdikoirik izan zenik, eta, alderantziz, galdetu du ea ez ote den alderdikoiagoa". EH Bilduren udal gobernu ezberdinek "2011 urteaz geroztik ondarrutarren interes orokorren defentsa egiteari uko egin izana" egotzi diote koalizioko ordekariei, "herritarren poltsikotik ordaindu beharko direnean ekintza eza honen ondorioak, konpon zitekeen irregulartasun bati etekin politikoa lortzen saiatuz".

Plan berezia

Alderdi jeltzaletik ohar baten kaleratu duenez, "EH Bilduk nahiago izan du egoera hori konpontzeko une garrantzitsu batzuk alferrik galdu", nahiz eta jakin bere kudeaketk kalte handia eragin diezaiekeen udal diru-kutxari. "Partikularrak aurkeztu zuen errekurtsoa onartu zuen epaileak berak planteatu zuen 2014an eraikitakoa legeztatzea 2009an onartutako Alde Zaharreko Hiri Birgai-tzeko Plan Bereziaren babespean", azaldu du Etxanok.

Gainera, 2019an, EH Bilduren egungo Udal Gobernuak Udalba-tzaren erabateko adostasuna sustatu eta lortu zuen alde zaharreko plan bereziaren aldaketari hasierako onarpena emateko Txomin Agirre 28 partzelarako, orubearen eraikigarritasuna 42,10 metro koadrora murriztuz eta hau espazio libre bihurtuz. "Horrek epaia bete-tzea ahalbidetuko zukeen eraikina erabat eraitsi gabe, baina auzi-jartzaileak aurkeztutako alegazio berrien aurrean, gobernu taldeak atzera egin zuen".