2022ko bigarren seihilekotik aurrera, 2,5 MW-ko elektrolizagailu batek Euskadiko lehen hidrogeno berriztagarria sortzea ahalbidetuko du. Hidrogeno berriztagarriaren industria eta energia deskarbonizatuaren iturri gisa ezartzeko azpiegiturak garatzeko lehen urratsa da. Gainera, inplikatuek jakitera eman dutenez, "Petronorrek eta SENERek fabrika martxan jartzeko aurtengo martxoan iragarritako proiektuaren barruan lehen mugarria da".

Hidrogeno berriztagarria CO2 isurpenik eragiten ez duten iturrietatik jasotako energia da. Uraren elektrolisiaren bidez ekoizten da nagusiki, hau da, ur molekularen hidrogenoa eta oxigenoa bereiziz, jatorri berriztagarriko energia elektrikoaren aplikazioaren bitartez.

SENERrek eta John Cockerilek fabrikatutako lehen elektrolizagailu hau Abanto Zierbenan kokatutako Ezkerralde-Meatzaldeko Teknologia Parkea amaitzen denean jarriko da martxan, eta bertan ekoitzitako lehen hidrogeno berriztagarria parkean bertan kokatuta dauden Energy Intelligence Center eta Petronorren egoitza hornitzeko erabiliko da.

Gainera, hidrogeno berriztagarri hau parkeko mugikortasun-plataforma logistikoko lehen autobus eta ibilgailu arinetan ere erabiliko da, eta parkean Euskadiko lehen hidrogetegia (hidrogeno-hornitegia) instalatuko da. Den-dena, EVEk eta Repsolek bultzatuta.

Horren harira nabarmendu behar da Repsolek hornituko diola elektrolizagailuari hidrogeno berriztagarria sortzeko erabiliko duen energia berdea. Azkenik, Nortegasek garatuko ditu hidrogenoa Petronorretik Ezkerralde-Meatzaldeko Teknologia Parkera eramateko behar diren gasbide eta azpiegitura guztiak, baita banaketa ere.

Elektrolizagailu hau martxan jartzeko, hidrogeno berriztagarria ekoitzi eta banatzeko beharrezko azpiegiturak barne, 8,9 milioi euroko inbertsioa egingo da.

Proiektu hau eredu energetiko eta ekonomikoa aldatzen eta energia, mugikortasuna, industria eta zerbitzuak bezalako sektore estrategikoen deskarbonizazioan aurrera egiten laguntzea xede duen Hidrogenoaren Euskal Korridorearen (BH2C) barruan gauzatu da.