- Urdaibaiko hezegunean diren animalia berezienak dira, ezbairik gabe. Eta hauek ikusteko aukera plazaratuko du Urdaibai Bird Centerrek datozen asteotan zehar. Ekainaren 18tik eta abuztuaren 28ra arteko larunbat guztietan. Gautegiz Arteagako ornitologia zentroak txori hauek bertatik bertara ikuskatzeko aukera emango du, hiru ordutan egingo diren bisitaldetan, Roy eta Landa eta bere bi txitoek osatutako familia behatzeko.

Urdaibaiko naturgunera hurreratzeko aukera paregabea izango da berau. "Urdaibai Bird Centerreko talde teknikoaren eskutik, landa-irteerak eskainiko dira Urdaibain ugaltzen ari diren arrano arrantzaleak ezagutzeko eta ikusteko", diotenez. Izan ere, udaberria "historikoa" izan da Urdaibaiko Biosfera Erreserban arrano arrantzalearen ugalketari dagokionez. "Urte askotan lehen aldiz arrano arrantzale bikote bat, Roy eta Landa, erreserban dagoen habia batean jaiotako bi txita eder aurrera ateratzen ari dira". Urdaibai Bird Centerrek espezie hori berreskuratzeko egindako proiektuari eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren lankidetzari esker, Urdaibain hegazti enblematiko honetaz "goza dezakegu", diotenez.

"Bisitek hiru ordu inguru iraungo dute eta bi zati izango dituzte", gaineratu dutenez. Izan ere, ingurumenaz gozatzeaz gazin, alde torkikoa ere jorratuko dute. "Alde batetik, Urdaibai Bird Centerren, ikus-entzunezko baliabideen laguntzaz, arrano arrantzaleen bikote interesgarri honen historia azalduko da. Ondoren, Urdaibain espezie hori berreskuratzeko instalazioak eta ingurunea bisitatzeko landa-irteera egingo da". Ibilbidean, gainera, "paisaiarekin eta Biosferaerreserbako habitat desberdinekin lotutako hainbat alderdi landuko dira, eta horrekin batera arrano arrantzalearen inguru berean bizi diren eta habitata partekatzen duten hegaztiak ere ikusi ahal izango dira", adierazitakoaren arabera. Bestetik, parte-hartzaile guztiei Urdaibai Bird Centerrera bisita audioguiatua egiteko gonbidapena oparituko zaie.

"Irteerek 25 euroko kostua izango dute helduentzat eta 15 eurokoa 8 eta 14 urte bitarteko haur eta gazteentzat". Bisita egiteko aukera, hala ere, 8 urtetik gorakoentzat da zabalik. "Irteera hauetan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea 699839202 telefono zenbakira deituz. Talde bakoi-tzak 12 lagunentzako lekua izango du", beti ere dagozkion osasun neurriak betez. "Irteera guztiak goizeko 9.30etan hasiko" direla zehaztu dute urdaibai Bird Centerreko arduradunek.