Gazteak dira, bai. Baina Ane Gacho, Irantzu Idoiaga, Yune Ibarguengoitia, Nile Moriones eta Nerea Uriona Gernika-Lumon Gorabidek duen zentroko bost boluntario dira, adimen urritasuna duten erabiltzaileen aldeko lagun-tzan larunbat arratsaldeetan euren aisialdiko zenbait ordu eskaintzen dituztenak. Erakundea boluntario berrien bila da, baina badu “altxor” bat neska hauekin, “erakusten duten dedikazioarengatik”. Izan ere, ezer kobratu barik ematen dute euren denbora, musutruk. Eta diotenez, “erantzukizun bat baino, lagun-talde osatu dugu Gorabideko erabiltzaileekin”. Bada, “pozik” dira egiten duten lanarekin.

“Lehen aldiz leku honetara zatozenean -Gorabideren lokala Juan Calzada kaleko 74. zenbakian kokatzen da- erantzukizuna somatzen duzu. Ez dakizu nola erreakzionatuko duten erabiltzaileek, ez dakizun nola ibiliko zaren zu ere ez, eta egia da beldur pixka batekin zatozela”, dio Morionesek. “Baina lehen eguna pasata, dena da errezagoa. Erabiltzaileak zoragarriak dira eta asko laguntzen dute. Datorrenak errepikatzen du”, Ibarguengoitiaren esanetan. Adimen desgaitasuna duten 30 eta 45 urte bitarteko pertsonekin aisialdi-jarduerak burutzen dituzte Gernika-Lumo eta Gautegiz Arteagako bost neskek. Larunbatetan elkartzen dira, arratsaldeko 17:30etik 20:00ak arte, eta hainbat jarduera burutzen dituzte: paseoan ibili, Lizeoan film edo antzezlanen bat ikusi, zerbait hartu, erakusketak bisitatu, etabar, osasun egoerak uzten duenean. “Esperientzia aberasgarria” dela diote. “Gure denbora eskaintzen dugu. Baina erabiltzaileen familiek asko eskertzen dute, eta oso pozik ikusten ditugu. Hori nahikoa da pentsatzeko egiten dugunak balioa duela”.

“Ez da batere zaila egiten duguna. Eta beste lekuren baten egon al ginateke, beste edozer egiten, baina jende honi denbora eskaintzea bereziki aberasgarria da. Ikusten duzu zenbat ematen diguten eta askotan faltan botzatzen da eurek ikusi ezin izana”, diotenez. Pandemiaren garaia dela eta, orain hamabosterio ikusten dira elkar; lehen astero ziren hitzorduak. Gainera, Gorabidek formazioa ematen die boluntarioei, “etorkizunean horrelako konturen baterantza bideratzen bagara ere, gutxienez zerbait jakin ahal izateko”. Ibarguengotiaren kasuan, “udan aritu nintzen, ahal nuenean laguntzen. Eta orain esperientzia errepikatu nahi izan dut, ondo sentitzen naizelako taldean”. Beste batzuek esperiantzia urriagoa dute, “baina ongi moldatzen gara”, diotenez. “Hona gatozenean gogoz gatoz, ez gatoz denbora egitera”, dio Idoiagak. Urionak ere zera aipatzen du: “eurek gurekin ikasten dute, baina guk ere eurekin. Gorabiden dagoen jendeak begiak irekitzeko aukera ematen dizu, nahiz eta pertsona ezberdinak diren, denok bestearengatik ikasi ahal dugu”. Edonor animatzeko galdera botata, argi eta garbi diote bost neskek. “Etor daitezela. Laguntzeko gogoa badute, ez dezatela beldurrik izan. Esperientzia aberasgarria da, eta asko ikasiko dute”.

Boluntario bila

Gorabideko arduradunek biziki eskertzen dute boluntario hauen lana. “Gernika-Lumo aldean lan oso ona egiten dute”, dio Aisialdi arloko Estefania Yañezek. Berak esandakoaren arabera, “aisialdia oso garrantzitsua da erabiltzaileentzako, euren egunerokotasunetik kanpoko erlazioak jorratzeko”. Bada, “mota horretako boluntarioei esker, adimen desgaitasuna duten pertsonek hainbat jarduera burutu ditzakete, modu gidatu batean, eta horrek beren gizarteratze-prozesuan laguntzen die”. Boluntario izan nahi dutenek, berriz, ez dute formakuntza berezirik behar. “Gogoa izatea, eta larunbat arratsaldeetan denbora librea izatea. Izan liteke astero, bi astero, ahal duten heinean... Guretzako boluntarioak dira ongi-etorriak, eta zer esan erabiltzaileentzat”. Parte hartzeko, Gorabideko Astialdi zerbitzuarekin jar daitezke harremanetan, “944431210 telefonoan, edo tiempolibre@gorabide.com emailean”.

“Guretzako boluntarioak dira ongietorriak, eta zer esan erabiltzaileentzat, ahal dutenean laguntzeko”

Gorabide