Belaunaldi ezberdinetakoak dira. Egunerokotasun ezberdinetan aritutakoak, herrian bertan edo mundu zabalean. Baina badute amankomunean zerbait: Ispasterren bertan emakume eta gizonen arteko berdintasunean pausoak eman dituztela, bakoitzak bere esparrutik. Bizi nagusien elkarteko kideak, Natividad Atxabal Bilbao, Bibiane Schulze Solano, Garbiñe Larrinaga Atxabal, Ainhoa Elordi Etxabe, Garbiñe Saenz de Buruaga Garralda edo Ainhoa Arteta Ibarrolaburu dira bihar udalerrian irekiko den erakusketa txiki baten protagonistak. Asteleheneko, martxoaren 8ko Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, "udalerrian emakumeen eskubideen alde zerbait egindako bizilagunak" izango dituzte protagonista. Berau probeleku estaliko gunean izango da ikusgai.

"Urtero egiten dugu herriko eskolako umeekin zerbait, erakusketa tankerakoa, martxoaren 8ko egunerako. Gai desberdinak jorratu izan ditugu, batez ere txikienenganako kontzoentziazioan eragiteko. Eta aurtengoan herrira begiratu nahi izan dugu, geurera, hurbileko emakumeengana. Zeren guretzeko erreferente diren emakumeak baditugu herrian, eta hauek azalaraztea garrantzitsu iruditu zaigu", dio Eskarne Gojenola zinegotziak. "Askotan, berdintasunaren alde munduan zehar izen handiko emakumeak izaten dira gogoan, baina oraingoan hurbilekoetara jo dugu", dioenez.

Adibidez, Natividad Atxabal da hauetariko bat. "Ispasterren motorra izan zuen lehen emakumea izan zen. Azterketa egitera Markina-Xemeinera joan behar izan zen eta 60 gizonen artean bera izan zen emakume bakarra". Edota Garbiñe Larrinaga Atxabal, zazpi anaiko familia baten arreba bakarra, ikasketak egin ahal izan zituena -lehenetarikoa udalerrian- eta andereño moduan aritu zena. Edota Ainhoa Elordi Etxeba, idazle, poeta eta irakaslea. "Omenaldi xumea egin nahi izan diegu, eurek izan baitziren aitzindari eta bidegile", dio Gojenolak.

Izen ezagunak ere badira erakusketan. Ainhoa Arteta Ibarrolaburu sopranoarena, adibidez. Tolosarra jaiotzaz, oso lotura estua du Ispasterreko herriarekin. Mundu mailan kantuan aritua, New York edo Parisen, besteak beste, "kristalezko hainbat sabai apurtu dituzte". Azkenik, Bibiane Schulze Solano ere da erakusketan, Athleticeko emakumezkoen taldekoa. Alemanian jaio, hala ere, ama ispastertarra du.

Erakusketak erreferente diren emakume hauen argazkia eta testu txikia jasotzen ditu, zenbait kartelen bidez. "Orain dela denbora nahikoa hasi ginen dokumentazio lanetan. Eta pixkanaka-pixkanaka izan baden ere, kasu askotan euren familiengan joz, azkenean lortu dugu gur helburua betetzea", diote Ispasterreko Udaletik. Mostra probalekuan izangp da bihartik -martxoak 7- martxoaren 14a arte. Aurtengo leloa Zuongatik, guztiongatik, gaude hemen izango dela ere aurreratu dute toki-administrazioko arduradunek.

Hala ere, martxoaren 8ra begira ekimen gehiago egingo dituzte Ispasterren. Astelehenean kontzentrazioa egingo dute, arratsaldeko 19:00etan, udal eraikinaren aurrean, beti ere osasun neurri guztiak kontutan hartuta. Eta martxoaren 12an Volar dokumentala eskaniko dute -18:30etan-, eta honen ostean solasaldia izango da. Kasu honetan, streaming bidez konektatzea espero dute, "udalerriko etxe guztietara heldu ahal izateko".