"Kresala odolean daraman herria” dela esan zuen asteartean, Bermeoko alkate Aritz Abaroak, prentsaurrekoan. Ezin liteke ukatu itsas munduarekin lotura zuzena duen udalarria ez denik. Eta horrexegaitik, eta Bermeo Tuna World Capital erakundeak (BTWC) egindako lanagatik, lehenengoz Europa mailako sei estatutan egingo den Blu Festival delakorako hautatu dute udalerria. Bihartik aurrera hainbat ekimen izango dira, on line eskainiko direnak osasun egoera dela eta. Jarduera gastronomikoak, kofradiara bisita birtuala, txikienentzeko mozorro tailerra, argazki erakusketa edota Arrantzaleen Museorako bisitaldia izango dira antolatutako hitzorduak.

“Europar Batasunak Cosme programaren bidez sustatu eta finantzatutako ekimena da, eta Europako arrantza-turismoaren nazioz gaindiko eskaintzaren ikusgarritasuna areagotzea du helburu”, antolatzaileek diotenez. Bide batez, “Bermeo ere nazioarte mailan posizionatzeko baliagarri” dela azaldu zuten. “Gu hautatu bagaituzte zerbaitengatik izango da”, esan zuen BTWC elkarteko presidente Ignacio Serratsek. Bada, datozen egunotan hainbat aukera izango dute bermeotarrek -eta beste edonorrek, ekintzak sarean izango baitira-. Hasieran programatutako ekintzak aldatu beharra izan dute. Izan ere, “jarduerak on line formatura eraman behar izan dira”.

“Blu European Festival ekimenaren barruan egingo diren jardueren artean, jarduera gastronomikoak proiektatuko dira, hala nola atuna eta txakolina uztartzeko saio bat eta Bermeoko atun plater tradizional bat prestatzeko showcooking. Halaber, Arrantzaleen Kofradiara bisita birtuala egiteko lekua ere izango da, neskatilen eta baxurako arrantzaren jarduera ezagutzeko. Txikienek itsas mozorroak egiteko tailer batekin ere gozatu ahal izango dute. Bisita birtual bat ere egingo damuseoan kokatutako Akurio eta Elkano erakusketan zehar, munduari egindako lehen itzuliari buruz eta balentria historiko handi honen funtsezko postuetan bermeotarren presentzia nabarmenari buruz. “Bermeoko Arrantzaleen Museoan kokatuta, Xabier Armendariz historialari eta dokumentalistak gidatuko du bisita”, diotenez. Bermeoko itsas-nortasunean murgiltzeko aukera bikaina eskainiko dute, beraz.

Nondik-norakoak

Egoitza

Estatuan. Bermeo aukeratu dute erakundeek lehenengo edizioan ekitaldi honetan Estatua ordezkatzeko. Ekitaldi hori aldi berean egingo da , Viana do Castelon (Portugal), Gallipolin (Italia), Herceg Novin (Montenegro), Durreses (Albania) eta Pyrgosen (Grezia).

Sarean

Ikusteko aukera. Antolatutako jarduerak Bermeo Tuna World Capital elkartearen eta jaialdiko kideen sare sozialen bidez jarraitu ahal izango dira, “baita Blu European Festival jaialdiaren sareen bidez ere”.

Ohiartzuna

Europan. Bermeoko alkate Aritz Abaroak zehaztu zuenez, “ekimenak Europa mailan posizinatzea” eragiten digu. “Nazioartean zabaltzen zaigun erakuslehio” approposa dela gaineratu du Udaleko agintariak.