Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikiak, Busturialdean obrak gauzatzeko kontratu berri bat lizitatu du. Kasu honetan, erakundeak Busturiako Axpe auzoan Amunategi errekaren zati bat “egokitzeko eta estaldura bat kentzeko lanak” lehiaketa publikora atera ditu, datozen hilabeteetan hobekuntza egin ahal izateko. Lizitazio-aurrekontua 510.500 eurokoa da, gehi BEZa, “eta esleitzen den unetik obrak gauzatzeko epea zortzi hilabetekoa da”.

Busturiako Axpe auzoa zeharkatzen du Amunategi errekak. Eta bere ibilguaren eta haren hurbileko ingurunean uholde errepikariek “erasanak sortzen dituzten zati bat da lan berri hauen eremua. Bertan bat egiten dute, alde batetik, artifizialki estututako ibilgu baten zabalera eskasak eta, bestetik, errekaren hedapen-ibar naturaletan, hirigintza-erabilera sentikorrak jarri izanak”. Hala adierazi berri dute URAko iturriek.

Degradatuta

Era berean, “Amunategi eerrekaren zati handi bat degradatuta dago: ibilgua estalita izateagatik, azken hamarkadetako ertzak bertikalean finkatzeko obrengatik, eta espezie inbaditzaileak hedatu izateagatik”. Horregatik guztiagatik, orain lizitatzen diren lanen helburua da,” batetik, eremu horretako uholde-arriskuaren ondorioak arintzea, eta, bestetik, ingurumen-kalitatea berreskuratzea”, adierazi dutenez.

Zehazki, “alde batetik, 100 urteko errepikatze-denborarako uholdeen ondorioak arindu nahi dira: lurpeko ibilguaren tartea laburtuz, eta ibilguaren sekzioa handituz”. Bestalde, nabarmendutakoaren arabera “eskuinaldeko euste-hormen egiturak indartuko dira, harri-lubetak baliatuz”. Eta, azkenik, Amunategi errekaren eta bidearen arteko eremuaren “ingurumen-hobekuntza sustatuko da, ibilguaren norabidea aldatu gabe”.