Maiatzean abiarazi zuen Nik, BermeON egitasmoaren barruan, herriko ekonomiaren susperraldirako. Bono kanpaina egin zuten, koronabirusak izandako eragin negatiboari buelta ematen hasteko. Eta, zenbakiei erreparatuta, balorazio positiboa egin du Udalak, izan ere sei hilabetetan zehar luzatu den kanpainak 319.221,27 euroko inpaktu ekonomikoa izan du.

Ekainetik abendura martxm jarrita, “Bermeoko Udalak 51.200 euro inbertitu zituen, 7.000 bonutan banatuta eta, guztiak saldu ostean, kanpainak 319.221,27 euroko inpaktu ekonomikoa izan du herrian. Bermeoko 106 establezimenduk parte hartu dute guztira”. “Oso pozik gaude emaitza hauekin. Kanpaina honen helburua zen herriko merkatari, ostalari eta turismo enpresak laguntzea, herritarrek euren erosketak egiteko erraztasun gehiago izatea eta herrian kontsumoa sustatzea. Bada, datuak ikusita uste dugu helburua lortu dugula”, azaldu du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.

Ondo funtzionatu du

“Oso urte zaila izan da atzean utzi duguna. Herritarrek oso gaizki pasatu dute eta, datozen urterako aurreikuspen ekonomikoak ez dira onak. Honegatik da oso garrantzi-tsua horrelako egitasmoak martxan jartzea eta, batez ere, herritarren erantzuna ona izatea. Hau da, funtzionatu behar dute eta, gure ustez, bonuen kanpainak oso ondo funtzionatu du”, gehitu du Abaroak.

Esan bezala, “Bermeoko ekonomia berraktibatzea helburu” duen Nik, BermeON ekimenaren barruan garatu den egitasmoetako bat izan da bonuen kanpaina. Guztira, 7.000 bonu jarri ziren salgai, 4 euroko (6 euro gastatzeko aukera ematen zutenak), 10 euroko (15 euro gastatzeko) eta 20 euroko (30 euro gasta-tzeko) bonutan banatuta. Bada, den denak saldu dira. Batez ere, herritarrek etxetresna elektronikoetan, modan eta dekorazioan erabili dituzte bonu hauek.