- Azken asteotako asteburuetan Zaldupe herri eskolako jolastokia ireki dute, umeen jolasgune moduan, horrela txikienei aisialdirako aukera berria eskainiz. Hala ere, datorren bi asteotan itxita mantenduko dute gunea, azkenaldian izandako apurketengatik. Ondarroako Udalak eta hezkuntza zentroko arduradunek hartu dute erabakia. Gutxi batzuek eragindako kalteek espazioa ixtera behartu dituzte udal agintariak. Udaltzaingoak ikerketa abiarazi du, eta "gaiztakeri hauek eragin dituzten gehienak identifikatuta daude". Hala ere, datozen bi asteburuak -otsailaren 6a eta 7a, eta otsailaren 13a eta 14a- pasata, berriz baloratuko dute eskolako jolastokia berriz irekiko duten edo itxita mantendu.

Abenduaren erdialdean hartu zuten eskolako jolastokia irekitzea erabakia. " Baldintza bakarra tokia behar bezala zaintzea zen, eta hori horrela izan ez denez, gutxienez bi asteburutan itxita egongo da jolastokia", adierazi dutenez. Hainbat izan dira azkenaldian gertatu diren apurketak: "jolastokiko hesiak apurtu, ikastetxe barrura sartu, kamerak, bozgorailuak eta argi fokoak apurtu, kristalak apurtu, barruko materiala kanpora atera€ Herritar gehienek erabilera egokia egiten badute ere egoera jasangaitza bilakatu da azken asteetan, geroz eta apurketa gehiagorekin". Ondarroako udal ordezkariek esan dutenaren arabera "bi asteburu hauek pasa ostean eta jolastokiko ateak berriro zabaldu, kalteak eragin dituztenek galazota edukiko dutela sarrera, horrela asteburuetan eskolako aterpea eta naturgunea behar bezala erabiltzen dutenek merezi ez duten zigorra jaso ez dezaten".

Bestalde, Ondarroako udaltzaingoek ikerketa abiarazi dute, azkenaldian gertatu diren apurketa hauen egileetako gehienak identifikatuz. "Bakoitzak zer egin duen zehazteko" lanetan dabiltza "eta horren aurreko ardurak eskatzeko eta adin txikikoen kasuan, beraien gurasoekin hitz egiteko. Udaltzainak behin baino gehiagotan bertaratu behar izan dira jolastokira eskolako alarmak jo izan duelako norbait eskola barrura sartzen ahalegindu denean", diotenez.

Ondarroak abenduan ireki zuen jolastokia, eskolako arduradunekin adostutako neurria izan zelarik. "Uste dugu merezi duela espazio hori herritar guztiei zabaltzea eta denon artean garbi mantentzen ahalegintzea", adierazi zuen Eneritz Basurko Hezkuntza batzordeburuak, Udaltzaingoak izan dira atea ireki eta ixteaz arduratu direnak.

Bada, Zaldupe eskolako jolasunearen asteburuetan zabaltzea kolokan dagoen auzia da. Ondarroko Udalak argi eta garbi utzi du: apurketak berriz gertatzen badira, asteburuetan ez dute zabalduko. "Udalaren eta Zalduperen asmoa itxialdi baten ostean eskolako jolastokia berriro ere zabaltzea da, baina berriro ere halakoak gertatzen badira itxita geratuko da asteburuetan ere", azaldu dute. Izan ere "astelehenero halako apurketekin aurkitzeak kalte handia eragiten baitio ikastetxeari eta bere ohiko jardunari".