Saihesbiderako konexioak eskainiko dituen Tellaetxe tar Josu kalearen berrantolakuntza aldaketak ekarriko ditu Bermeoko trafikoan. Izan ere, lehenengoz, aparkaleku mugatua izango da udalerrian, inguru horretan. Zehazki, Askatasun bidea kalean, non zenbait toki arautuko diren. TAO sistemaren an-tzerakoa ezarriz, ordaindu gabeko gunea antolatuko du Udalak. Horretarako, azken aste honetan hasierako onarpena eman dio udalbatzak ordenantzari.

Aldeko botoa eman zion EAJk, udalbatzen gehiengoa duen alderdiak. Bestetik, ezezkoa eman zion EH Bilduk eta abstentzioaren alde egin zuen Guzanek. Bada, jada onartutako kontua izanik, datozen asteetan "proba pilotua" egingo dela azaldu zuen Idoia Platas zinegotziak. "Inguruan ezarritako hainbat negozio eta enpresa taldek" egindako eskaria dela azaldu zuen, aspalditik datorrena, eta "Bermeon trafiko arazoak dituzten beste gune ba-tzuetan aplikatu ahal dena. Baina, froga egingo dugu, ea nola funtzionatzen duen, eta gero erabakiak ha-rtu", esan zuen. Hirigintzako zinegotzi den Platasek azaldutakoaren arabera, "bertan aparkatzeak ez du herritarrentzako inongo kosturik izango". Udalarentzat ere, kostu handirik ez du izango, "eta gainera, aparkaleku arautua sortzeko inbertsioa Tellaetxe tar Josu kaleko saihesbiderako konexioaren lanetan batzen dugu". "Ez da ezer ordainduko", errepikatu zuenez.

"Horrelako guneak antolatzeko ez genuen inongo ordenantzarik, eta beharrezkoa dugu halakoak onar-tzea". Hala argudiatu zuen Platasek erabakiaren gainean. "Gainera, inguruan diren merkatari eta zerbitzu enpresek eskatu digute". Mungian orain dela zenbait urte martxan jarritako sistema berbera izango da. "Kasinoko errotondatik Trake kaleraino joango da ordaindu gabeko aparkaleku mugatuko gunea. Zati horretan, merkataritza zabalik denean, ordu eta erdi aparkatzeko aukera emango da. Tikea atera beharko da, hori bai".

EH Bilduk ezezkoa eman zuen, euren aburuz "aldez aurretik egindako analisirik ez delako egin. Eta mugikortasun planik ere ez". "Ez dakigu zenbat plaza dauden, ez dago diagnosirik, ez dakigu non dauden arazo nagusiak, mugikortasun politikak ere aurrera doaz...". Izan ere, Bermeok ez du Mugikortasun Planik egin 2009 urtetik. "Ikuspegi orokor batetik, egin beharreko analisia dela" azaldu zuen Jokin Lapaza koalizioaren zinegotziak.