Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bermeoko Udalak erreibindikazio zahar bati erantzun emango diote urtarrilaren 1etik aurrera. Ostiralean jarriko da martxan Bizkaibusen linea biren sendotzea. A-3527 Bilbo-Mungia-Bermeo (autobidetik) linea 30 minuturik behin irtengo da lanegunetan -astelehenetik ostiralera arte-, "eta ez egungo maiztasunarekin, hau da, 60 minuturik behin". Bestetik, A-3528 Bermeo-Mungia-Derio- UPV/EHU lineak "beste bidaldi bat egingo du 12:40an lanegunetan, joaneko bidaian".

Atzo egin zuten Bizkaiko Foru Aldundiko Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatu Miguel Ángel Gómez Viar eta Bermeoko Udaleko alkate Aritz Abaroak agerraldia. "Bi linea horiek indartzea Bermeoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko erakundeen arteko lanaren emaitza da, eta hobekuntza garrantzitsua izango da bermeotarrentzat", Gomez Viarrek adierazi zuenez. Abaroak, bestetik, Aldundiaren erantzun positiboa goraipatu zuen, "egin duten esfortzia" eskertuz. Erakunde publikoen "elkarlanaren adibide", alkateak "bizilagunentzako hobekuntza" dela adierazi zuen, "aurrerapausoa Bermeo Bilborekin hobeto konektatzeko, eta baita EHUko Leioako kanpusarekin".