- Inguruko udalerri askotan gertatzen denaren antzera, datorren urteko aurrekontua murriztu behar izan du Markina-Xemeingo Udalak. Orotara, 4.922.886,81 euroko aurrekontua izango du 2021ean udalerriak. “Hau da, egoerara egokituta, aurten baino 415.663,33 euro gutxiago izango ditu Udalak bere jardunerako. 2020ko aurrekontuarekin alderatuta (5.338.550 euro), %7,79 baxuagoa izango da”, udal arduradunek adierazi dutenez.

Abenduaren 22ko Osoko Bilkuran aho batez eman zaie onarpena udal gobernuak proposatutako kontuei, EAJ eta EH Bilduren aldeko botoekin. “Zenbait kreditu aldaketa ere aurkeztu eta onartu” dira hitzorduan, besteak beste, Atxondo Kiroldegian ur beroaren instalazioa alda-tzea (36.008,67 euro guztira) eta Udalak herritarren artean banatuko dituen maskaren partida (19.500 euro; BEZ-etik salbuetsita). Datorren urteko aurrekontuari dagokionez, nabaria da koronabirusaren pandemiaren eragina. “Covid-19aren pandemiak eragindako egoerak guztiz aldatu du testuinguru ekonomikoa” eta honek beherakada ekarri du diru-sarreretan. “Batetik, Udalkutxatik 231.503 euro gutxiago jasoko ditu Udalak datorren urtean. Kontzeptu honetan Udalak jasoko dituen kontura ematekoak 3.226.895,00 euro izango dira (2020an baino %6,69 gutxiago)”.

“Diru sarreren beherakada ekarri duen beste faktore bat zenbait tasa eta zergen beherakada izan da, zaborrengatik eta terrazengandik ordaintzen diren tasetan, besteak beste. Izan ere, Covid-19aren krisiak herriko ostalarien artean eragiten ari den kalteaz jakitun, Udalak neurri fiskalak hartu ditu 2021erako”. Besteak beste, terrazengatik ordain-tzen den bide publikoaren okupazio tasan %50eko hobaria aplikatuko da maiatzerarte. “Horrez gain, itxita egon diren ostalaritza establezimenduei ez zaie zaborraren tasa kobratuko itxita egon diren epean”, Udalaren esanetan. Aipatzekoa da baita ere 2021ean gainontzeko udal zerga eta tasek “ez dutela igoerarik izango”. Beraz, diru sarreretan izandako beherakadak islada izango du gastuen kapituluan.

Gastuen atalari dagokionez, “osasun larrialdi egoera dela eta, datozen sei hilabeetarako garbitasuna indartzea eta osasungarritasun publikoa bermatzeko neurriak hartzea aurreikusi da. Horrez gain, covid-19ari aurre egiteko aurre-partida bat finkatu da”. Guzti honek eragin du inbertsioetarako partidaren beherapena. “Aurrekontuetan zehaztu den inbertsioetarako partida 20.515,68 eurokoa da, hau da, aurrekontuaren % 0,42”.