Aurtengo aurreikusita zegoen aurrekontuari sakonki eragin dio koronabirusaren pandemiak. Izan ere, 8,5 milio eurotan onartutako udal kontuek aldaketak nabariak izan dituzte, bai sarrerei dagokienez -Udalkutxatik 935.000 euro gutxiago hartu ditu eta Udalak eta zergek izandako beherakada 237.000 eurokoa izan da-, eta baita gastuen eremuari ere. 2021 urtea ere "ez da ekonomikoki askoz hobea izango", baina toki-administrazioko arduradunak hasiak dira datorren urteko aurrekontua prestatzen, urtea amaitu baino arinago onartu nahi dutena. Azken urteetan egiten duten moduan, prozesu partehartzaile bati ekin diote, "herritarren ekarpenak" jasotzeko.

Udalak galdetegia helarazi die lekeitiarrei, Udaletik albiste boletinaren bitartez, bizilagunek euren lehentasunak plazaratu ditzaten. Gaika sailkatuta -gizarte politikak, garapen ekonomikoa, irisgarritasuna eta kale lanak, eraikin eta ekipamenduak hobetzea, ingurumena eta trantsizio energetikoa, kultura, kirola eta aisialdia, euskara eta hezkuntza, etxebizitza sozialak, edota mugikortasuna-, puntuka sailaktu ahalko dituzte. "Lekeitiarrek beharrizan nagusitzat jotzen dituzten gaiak zeintzuk diren jakin nahi dugu", dio Lekeitioko alkate Koldo Goitiak. Parte hartzeko baldintzak bakarrak Lekeition erroldatuta egotea eta adin nagusikoa izatea dira. Orrialdeak Barandiaran aretoan, Kultur etxean edo Kiroldegian entregatu ahal dira.

Udalak jakin badakiz zein izan go diren datorren urterako egoera. Bada, Udalkutxatik jasoko den dirua "gutxi gorabehera 720.000 euro gutxiagokoa izango da". Egoera horrelakoa izanda, euren lan-ildoak zehaztu dituzte. "Politika sozialak izan beharko dute lehentasuna. Inor alde batera ez uzteko", dio Goitiak. Bestetik, garapen ekonomikoa eta gure herriko ekonomia berpizteak ere beharrezkotzat jo dituzte, "gure herrian ardatz diren sektore ekonomikoak babesteko".