Bizkaiko Foru Aldundiak bere lanak amaitu ostean, saihesbideari biribilgune bat erantsiz eta Tellaetxe tar Josu kalerako bidea eraikiz, orain Bermeoko Udalaren txanda da. Sarbidearen gurutzabidea egiteko lanak aurki hasiko dituzte, 253.000 eurotik gora inbertituz. Herriko sei kale ezberdinek bat egiten duten gunean -Tellaetxe tar Josuz aparte, Erreinezubi, Askatasun Bidea, Artike Bidea, Almika Bidea eta Ander Deuna, zehazki- semaforo bidezko trafiko-erregulazio sistema ezarriko dute, zortzi astetan egingo diren obretan. Beraz, urte berriaren hasierarekin estreinatu ahal izango da konexio berria.

Lanak "behar-beharrezkoa" direla azaldu dute udaleko iturriek, "segurtasuna bermatzeko, trafikoa berrantolatzeko eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko". Mugikortasunean ere halabeharrez eragingo du, hainbat bermeotarrek erdigunetik jo ahal izango baitute saihesbidera. Lanen jomuga, bada, aipatutakoaren arabera "bidegurutzea modu seguruan antolatzea da. Gune hau saihesbidetik herrigunerako sarrera-irteera berri bat izango dela aintzat hartuz eta trafikoa zuzentzekoaukera ezberdinak aztertu ostean, semaforo-sare sistema berria jartzea erabaki da".

Lanak jada adjudikatu ditu Bermeoko Udalak, eta ekimena bere osotasunean egin ahal izateko 1,8 milio eurotik gorako inbertsioa egin behar izan da. Horietatik, 1,6 milioi euro jarri ditu Aldundiaren Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako sailak, saihesbidean biribilgune bat ezarri eta hiri erdigunerako sarbidea emateko. Eta Udalak bere atala egiteari datozen egunetan ekingo dio. Semaforo-sare berria jartzeaz gain, "besteak beste, Erreinezubi kalea eta bidegurutzea bera asfaltatu egingo dira, ura bideratzeko kainu-zuloak eta sareta berriak jarriko dira, zenbait espaloietan hobekuntzak egingo dira, edukiontzi eta zerbitzu guneak (zama-dezama guneak, autobus geltokia€) berrantolatuko dira eta seinale bertikal berriak instalatuko dira, lurrean ere seinaleak margotzeaz gain".

Hirugarren sarrera

Saihesbideren proiektuari ekin ziotenetik, hirugarren lotura bat egitea aurreikusten zen, horrela mugikortasunean hibeto eragiteko. Izan ere, bideak ez du herrigunearekin sarrerarik, eta berau egitea beharrezkotzat jotzen zuten. "Lotura hori lortzeko, Tellaetxe tar Josu kalea luzatu da azken hilabete hauetan. Obra hauei esker, herritarrei aukera emango zaie Bermeon sartzeko eta irtetzeko herriko zeharkaleetatik ibili gabe eta, honi esker, herriko erdiguneko trafikoa arindu egingo da".

Sarrera berri hau egiteak, aipatu herriguneko sei kaleen arteko bidegurutzea antolatzea ekarri du "eta hau da asteotan egingo dena", esandakoaren arabera. "Gainera, aurrerantzean, herriko hainbat kaleetako zirkulazioa berrantolatu beharko da baita ere", etorkizunean egingo dena. Honenbestez, Bermeoko Udal gobernuak bere helburu estrategikoetako batean aurrerapauso "garrantzitsu" bat ematea lortu du. "Izan ere, lan hauei esker, herriko irisgarritasuna nabarmen hobetuko da, herritarren bizi kalitatea hobetuz".

Atzerapena. Bizkaian egindako beste hainbat lanen an-tzeab, Tellaetxe tar Josu kaleko sarbideak koronabirusaren eraginagatik lanak geldiarazi behar izan zituen Bizkaiko Foru Aldundiak. Bada, nahiz eta atzerapena eragin zuen pandemiak, laster erabilgarri izango da, 2021ko hasierarako. Baina errepide berria erabili ahal izateko, lehendabizi 21.000 metro kubikoko hondeaketa-lanak egin behar izan dituzte -horietatik 2.000 metro kubiko lur-, eta bi norabideko kaltzadak sortu dituzte, 3,30 metroko zabalerakoak, 080 metroko arekekin. Aldez aurretik ere, Udalak hainbat izapide administratibo egin behar izan zituen, baita beste hainbat izapide urbanistiko ere.