Aspaldian udaletxe berria izateko proiektua abian jarri bazen ere, Ondarroak abenduan hartuko lukes Zeledonio Arriola eraikinaren gaineko erabaki finkoren bat. Udalak berriki jakinarazi duenez, gaur edo bihar emango diote hasiera ikerketa geotekniko bati, eraikinaren egoera zer nolakoa den ezagutzeko eta horrek eskutan izanda, etorkizunerako pausoak ematen hasteko.

"Zimenduen egoera zein den zehazki ezagutzeko ikerketa geoteknikoa egiten hasiko dira aste honen amaieran Zeledonio Arriola eraikinean", Udal arduradunek diotenez. Barrura beharrezko makineria sartu ahal izateko eta lanak hasi ahal izateko, bestetik, "San Ignazio kalera ematen duen horma eraisten hasi dira udaleko langileak. Horrez gain, lanak hasten direnetik eta aste betez, eraikinaren beste aldean dagoen aparkalekuko ilada bat ere hustu egin beharko da, makinak jarri eta lan egin ahal izateko". Hala ere, ikerketa lanak datozen asteotan egingo dituzte, hartutako laginen analisia hain zuzen ere, eta erabaki finkorik ez dute hartu oraindik.

"Udalak erabilera eman nahi dio eraikinari, baina horretarako lehenengo ezinbestekoa da zer egoeratan dagoen zehatz ezagutzea", esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak. "Aste honetan lurzoru eta zimentazioko sondeo mekanikoak, penetrazio entsaioak eta kalikatak egingo dituzte", gero laborategira bidali eta ondorio zehatzak ateratzeko. Bedialaunetaren aburuz, "beharrezko urratsak dira etorkizunean eraikina erabilgarri edukitzeko". Ondorioak eta emaitzak "Gabonetarako" eduki-tzea espero da "eta horien arabera erabakiko dira eman beharreko hurrengo urratsak". Hala ere, udalak behin eta berriz esan du hartu beharreko erabakiak herritarrekin laguntzarekin hartuko dituztela.

Udal jabegopekoa, Zeledonio Arriola eraikina 2004an itxi zuen Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak, "ikastetxe publikoa zenean, zutabe batzuetan aurkitutako egitura patologiak zirela eta", nabarmendutakoaren arabera. Ordutik gaur egunera arte, hala ere, hutsik dira bere lau solairuak eta ez du beste erabilerarik izan. 1928an eraikitekoa, Ricardo Bastida arkitektoak diseinatutakoa, babespeko eraikina da gaur egun -Ondare Katalogoaren barne da-, nahiz eta eraikin orijinalak kalte larriak jaso zituen Guda Zibilean. Eta 2008an hasi zuten udaletxe berria eraiki-tzeko lehendabiziko proiektua. Hala ere, ezin izan zen egitasmoa errealitate bihurtu. Bada, berau atzeratzea onartu behar izan zuten; nahiz eta asmoa mantendu duten azken urteetan izan diren Ondarroako udal gobernu ezberdinek.

Izan ere, udalaren hainbat zerbi-tzu zentralizatzeko aukera emango luke Zeledonio Arriola eraikinak, gaur egun eraikin desberdinetan direnak batuz. Eta lekua soberan izanik, goiko solairuetan liburutegia ere eratu daiteke bertan. Bide batez, gainera, gaur egun indarrean den irisgarritasun legedia beteko luke.