Abendura arte iraungo du

Hegaluzea izango da protagonista Bermeoko hilabete gastronomikoetan

04.08.2020 | 20:47

BERMEO. Abuztuan bertan hasita eta hurrengo abendura arte, Bermeok Hilabete Gastronomikoak ekimena ospatu egingo du. Hegaluzea izango da protagonista nagusia Bermeoko Udalak, Bermeo Tuna World Capitalek eta Urremendi Larida Garapen Elkarteak antolatutako ekimen honetan.

Ekimen honetan herriko 5 plater tipikoz gozatu ahal izango dugu izena eman duten 10 jatetxe ezberdinetan, abuztutik abendura bitartean. Hau da, hilabete bakoitzean hegaluzea oinarrizko osagai duen plater tipiko bat proposatuko da eta 10 jatetxeek euren ukitu propioa emango diote bezeroek disfrutatu dezaten. Gainera, herriko merkatuan ere 'showcooking'-ak izango ditugu hilabetero, jatetxe hauetako batzuen eskutik 5 plater hauek nola egiten diren ikasteko. Horretaz gain, showcooking-a amaitu ostean, beratutakoek delizia horiek dastatzeko aukera izango dute. Hilabete bakoitzean showcooking ezberdin bat egingo da merkatuan.

Marmitakoa izango da ekimen honen lehenbiziko plater tipikoa. Esan bezala, 10 jatetxeek euren kartetan abuztuan zehar plater hau eskainiko dute. Gainera, gaur goizean ere (11tan) lehenbiziko showcooking-a izan dugu ekimen honetan parte hartzen ari den Kafe Antzokiaren eskutik. Kafe Antzokiko sukaldariak marmitakoa prestatu du.

Irailean, ordea, 'Hegaluzea Bermeoko modura' platerraren txanda izango da (Kasino jatetxeak showcooking-a eskainiko du irailaren 4an, goizeko 11tan), urrian 'Atuna tomatearekin' platerrarena (San Pedro Kofradiak showcooking-a egingo du urriaren 3an, goizeko 11tan), azaroan 'Atun albondigak' egingo dira (Kai Alderen eskutik showcooking-a azaroaren 3an, goizeko 11tan) eta, abenduan, berriz, 'Kontserbako atun kutixiez' gozatu ahal izango dugu (showcooking-a Artza jatetxeak egingo du abenduaren 5ean, goizeko 11tan). Marmitakoa izan ezik (abuztuan zehar jatetxeak zabalik dauden egun guztietan dastatu ahal izango da), gainontzeko plater tipiko guztiak asteburutan bakarrik eskainiko dira 10 jatetxe parte hartzaileetan (Almiketxu Erretegia, Artza, Bengoetxe Erretegia, Cannon Etxea, Kafe Antzokia, Kai Alde, San Pedro Erretegia, Akelarre, Bermeoko Kasinoa eta Toki Alai). Hori bai, hilabete bakoitza bukatutakoan, hilabete horretako platerra ez da gehiago eskainiko.

LOTURAK

Bermeoko Udalak lotura estua egin nahi du atunaren eta herriko merkatuaren artean. Izan ere, ezinezkoa da plater tipiko hauek guztiak bertoko produktu hoberenik gabe egitea. Noski, produktu horiek herriko merkatuan aurkitu daitezke, edonoren eskura. Hegaluzea, gainera, Bermeoko ideario gastronomikoaren parte da; are gehiago, bermeotarren bizitzako parte da. Atunaren munduko hiriburua da Bermeo, balio kate osoa jaso (produktua eskuratu, landu, prestatu eta saldu) eta jasangarritasunean oinarritutako arrantzarako arteekin lan egiten duena.

Atunak Bermeo eta bermeotarrekin duen lotura dela eta, ekimen honen helburua da hegaluzearen gastronomian ere erreferente bihurtzea, atuna betidanik egon baita Bermeoko itsasontzi zein etxeetako sukaldeetan eta horrek eskarmentu handiko platerrak eskaintzeko aukera ematen baitu.

Ekimenak, honenbestez, hiru aldagai jartzen ditu harremanetan: herriko gastronomia paregabea, hegaluzea eta herrian saltzen diren lehen mailako produktuak. Honela, gaur pausu bat gehiago eman du herriko ekonomia berraktibatzea helburu duen 'Nik, BermeON' egitasmoak. Eta herritarrek eta bisitariek, plater hauek dastatzeaz gain, plater hauek nola egin ikasiko dute, hilabete bakoitzaren hasieran egingo diren 'showcooking'-ei esker.