- Atzokoan bainu denboraldiari hasiera emanda, Lekeitioko Udalak Isuntza hondartzako segurtasuna Udaltzaingoaren esku izango dela zehaztu du, beti ere “Ertzaintzarekin batera”, adierazitakoaren arabera. Horrela, Udaltzaingoa kargutuko da “une bakoitzean egokitzat jotzen dituen neurriez”.

“Kontuan izan behar da zehaztutako neurriak egungo egoeraren araberakoak izango direla eta horrela erabakitzen bada irizpideak aldatu daitezkela”. Hala adierazi dute Udaleko bozeramaileek. “Irizpide hauetaz gain, Bizkaiko Foru Aldundiak hondartza denboraldirako zehaztukoak ere” jarraituko direla gaineratu dute. Azkenik, “Bizkaiko Foru Aldundiak hondartzaren egoerari buruzko informazioa zabalduko www.bizkaia.eus eta BizkaiUp aplikazioaren bidez”.

Lekeitiok hartutako neurria Aldundiak Bizkaiko beste hainbat hondartzetan adostutakoaren antzerakoak dira. Ordutegia ezarriko da -hiru ordu gehienez hondartzan aritzeko-, erabilera dinamikoa bermatuko da eta kolore desberdinekin adieraziko dute hondartzaren okupazio-maila. Bestetik, “parkeko horma dagoen aldean erabiltzaileak ibiltzeko prestatuko den eremua erabiltzea gomendatzen da”, segurtasun-tarteak behar bezala mantendu ahal izateko.