BERMEO. Koronabirusak eragindako egoera berezia dela eta, Bermeoko Udalak aurtengo udako jaiaen programazioa egoera berrira moldatzea erabaki du. Jai Batzordeak aho batez onartu egin du ospakizunak eta urteroko tradizioak ezertan ez uzteko modua bilatzea.

Egoerak hala behartuta, beraz, aurten ez dira Bermeoko jaiak betiko moduan antolatuko. Ezta kale eta baserri auzoetako jaiak ere. Indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriek ez dute aukerarik ematen jaiak urtero egiten diren bezala egiteko. Hala ere, Bermeoko Udala eta Jai Batzordea bere osotasunean, aukera ezberdinak aztertzen dabiltza egoera berrira egokituta egongo diren ekintzak antolatzeko. Jende pilaketak saihestea eta osasun eta segurtasun neurriak behar bezala beteko dituzten ekimenak egitea da helburu nagusia.

San Juanetan, adibidez, urtero bezperan Goiko Plazan egiten den sua aurten bertan behera geratuko da. San Juan egunean ere, Gaztelugatxe itxita egongo da eta bertako ermitan ez da mezarik egitea aurreikusten.

Uztailaren 22ko Madalen Egunak ere aldaketa izango du. Ohiturari eutsiz, Izaron teila bota eta ikurrina eta Bermeoko bandera eskegita jarriko badira ere, aurten ez da Elantxobera eta Mundakara bisitarik egingo. Teila bota ostean, segizio ofiziala Bermeora itzuliko da.

Abuztuaren 16ko San Roke egunean ere urtero Talan antolatzen den arratsaldeko ekimena ez da aurrera eramango.

ANDRA MARI ETA SANTA EUFEMIA JAIAK

Irailaren 7an hasten diren Andra Mari eta Santa Eufemia jaiek ere aldaketa nabarmenak izango dituzte aurreko urteekin alderatuta. Esan bezala, Covid-19ak behartuta hartu behar izan diren neurriek ezinezkoa egiten dute jaiak urtero bezala egitea. Beraz, aurten izango ditugun ekintzak beste era batekoak izango dira. Hau dela eta, Bermeoko Udala eta Jai Batzordea aukera ezberdinak aztertzen ari dira beste era bateko ekintzak antolatzeko, betiere, osasun eta segurtasun neurriak zorrotz betearaziz.

Andra Mari eta Santa Eufemia jaiekin lotura zuzena duen jaietako liburuak aurrera egingo du, ordea. Liburu honek gure herriko jaietako programa jasotzeaz gain, Bermeorekin lotutako istorioak ere jasotzen ditu. Hau dela eta, herritar askok liburua gordetzen dute urtero. Hori horrela izanik eta liburuxka honen azala Bermeoko jaietako kartela izaten dela aintzat hartuz, bai jaietako kartelaren lehiaketarekin eta jai-liburuarekin aurrera egitea ontzat eman da.

Bizi dugun egoeraren aldakortasuna ikusirik, udalak udan zehar emango du ekintzaz ekintzako informazio zehatzagoa.