Markina-Xemein - "Talentua bultzatzea helburu" duen dirulaguntzak kaleratu berri ditu Markina-Xemeingo Udalak. Erakundeak diruz lagundu nahi du "gaitasun edo ahalmen berezia frogatzen duten herritarren ekimena edozein diziplinetan, eta ez soilik kirolean: kirola, musika, dantza, antzerkia, ikus-entzunezkoak, moda eta diseinua, sukaldaritza-gastronomia, turismoa eta kooperazioa, besteak-beste". Horretarako 5.000 euroko diru partida bideratuko dute.

Herrian erroldatuta egotea, diruz lagundu nahi den ekimenean profesionala ez izatea eta soldatapekoa ez izatea dira Udalak zehaztutako baldintzak. Datei dagokienez, hauek aurkezteko azken eguna urtarrilaren 31 izango da eta aldez aurretik eskatzaileek zenbait betebehar izango dituzte: eskabide orria bete-tzeaz aparte, 2020an egin asmo diren jardueren txostena, eta horietatik eratorri daitezkeen gastu eta sarreren aurrekontu xehatua egin behar izango dute.

Ekimenak baloratzerako orduan -balorazio irizpideen arabera erabakiko du alkateak, beti ere "eskariak aztertu eta baloratzeaz arduratuko den batzordearen proposamena aintzat hartuta"- eskatzailearen ibilbidea, herriari egindako ekarpena, proiektuaren zailtasun teknikoa eta logistikoa, eskatzailea emakumezkoa bada eta ezintasunen bat badauka dira baloratuko diren irizpideak. Dirulagun-tza "bateragarria da beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek emandako beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuekin, baldin eta horien batura zenbatekoa ez bada diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa". -