Gernika-Lumo - Lana bilatzea, Lana da izenburupeko programaren barne, Busturialdeko gazteria zerbitzuek goi mailako (B2) Zeinu Hizkuntza ikastaro trinkoa antolatu dute eskualdeko gazteentzat, urtarriletik martxora emango dena Gernika-Lumon.

Ikastaroa urtarrilaren 20tik martxoaren 4ra arte emango dela zehaztu dute, goizeko ordutegian, "9:00etatik 13:30era". Hala ere, "B2 mailako ikastaro hori hasi baino astebete lehenago, urtarrilaren 13tik 17ra, aurreko mailen (A1, A2 eta B1) errepasoa egiteko astebeteko ikastaro bat emango da". Ikastaro horrek 20 orduko iraupena izango du; eta doan izango da B2 mailako ikastaroa egin nahi dutenentzat.

Gazteria zerbitzuek azaldutakoaren arabera, "Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioak emango" du ikastaroa. Hala, "140 orduko iraupena izango du (120 ordu presentzial + 20 ordu ez presentzial) eta 15 ikaslek hartu ahal izango dute parte, gehienez". Berau gainditzen dutenek "Eusko Jaurlaritzak eguneratze-ikastaro bezala homologatutako titulua jasoko dute".

"Plaza kopurua mugatua denez, eskainitako plaza kopurua interesdunen kopurua baino txikiagoa bada hautaketa egingo da izena eman dutenen artean. Ohi bezala, Gaztedi Busturialdea programan parte hartzen duten herrietan erroldatutako 18 eta 35 urte bitarteko gazteek lehentasuna dute". Bestetik, Arratzu, Bermeo, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietan erroldatutako 18 eta 35 urte bitarteko gazteek 300 euroko matrikula ordaindu beharko dute. "Hala ere, ikastaroa bukatu ondoren %90etik gorako parte-har-tzea izan dutenei 100 euro itzuliko zaizkie". - I. Fradua