Bermeo- Irailaren amaieran emango dio bukaera Bermeoko Itsuki Irratiak azken hilabeteetan zabalik izan duen bazkideen kanpainari. Bere arduradunek zehaztu duten moduan, “balorazioa oso positiboa da, izan ere, hasierako helburua ehun bazkidera heltzea zen eta ia-ia kopuru hori lortu” dute.

Egonkortasun ekonomikoa kinka larrian izanik, “diru-laguntzetan jasandako murrizketek eta azken urteetako publizitate sarrera jaitsierek” eragin zuzena izan dute orain 30 urte sortu zen irratiaren biziraupenean. Hori dela eta, bazkide kanpainari ekin zioten, “finantzatzen laguntzen duten diru sarrera gehiago lortzeko helburuz”.

Laguntza eskaini nahi duen orok badu aukera urriaren 1a baino lehen. Horretarako “Askatasun bidea kaleko 3 zenbakian dagoen Bankoako sukurtsalera hurbildu behar dira eta 20 euroko urteroko kuota sartu edo helbideratu hurrengo kontuan: ES46 0138 0024 1401 1083 1427, izen-abizenak eta telefono zenbakia adierazita”. Honen truke “deskontuak eta abantailak” izango dituzte bazkideek. Bermeoko irratitik gogorarazi dutenez, “edozein pertsona, denda, enpresa, elkarte kultural, kirol talde, erakunde edo alderdi politiko izan daiteke Itsuki Irratiaren parte”. - I. Fradua