Gernika-Lumo - Beste behin, seigarrenez zehazki, Busturialdeko gazteen enpresa ideiek saria jasoko dute. Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako gazteria zerbitzuek eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, lehia martxan jarri dute. Aurtengoan, berritasun nagusi batekin. Izan ere, silver economy deritzon adineko pertsonei bideratutako ekonomiari lotutako ideiarik onenak 1.000 euroko saria eskuratuko du.

Lehiaketak “enplegua sortu eta Busturialdeko gazteen ekintzailetza kultura susta-tzea du helburu”, antolatzaileek hala adierazita. Lana bilatzea, Lana da izenburupeko programan sartua, 18 eta 35 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal dute, beti ere, aurkeztutako enpresa ideia eskuldean kokatzen bada. Epeak ere zehaztu dituzte: “lehiaketan parte hartu nahi dutenek heldu dan azaroaren 15eko 14:00ak arteko epea dute beren proposamenak aurkezteko”. Azkenik, sari-banaketa abenduaren 19an izango dela jakinarazi dute.

Epaimahai batek aurkeztuko ditu enpresa proiekturik onena, beti ere zenbait irizpide, besteak beste izaera berritzailea, enplegua sortzeko aukera eta horien kalitatea, lantalde sustatzailearen gaitasuna (profil egokiak), proiektua Busturialdean gauzatzeko aukera edo eskualdera egokitzekoaeta baita beronen jasangarritasuna ere, ingurumenari zein ekonomiari dagokienez. Sariak potoloak izango dira. “Irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du, bigarrenak 2.000 eurokoa eta lehen sektoreari lotutako ideiarik onenak, aldiz, 1.000 euro jasoko ditu, aurreko sarietako baten bat jaso ez badu”. Bestetik, lehen eta bigarren sarituei Arratzuko Elkartegiko langune bat doan utziko zaie urtebetez.