Ondarroa - Urtarriletik ekainera 16.759 erabiltzaile izan ditu Ondarroako Herri Busak. Urteko lehen sei hilabeteetan “baieztatu egin da berriz ere zerbitzuak daukan garrantzia herritarren-tzat”, Udaletik azaldu dutenez. Bataz beste 2.793 pertsonak erabili dute hileroautobusa, erdiak baino gehiago -%52a, zehazki- pentsiondunak izan direlarik.

“Udalak onartu berri dituen aurrekontuetan oinarrizko zerbitzuak mantentzen jarraitzearen aldeko apustua egin du, eta horietako bat da Herri Busa” dela gaineratu dute. Erabiltzaileen profilari dagokionez,”%47a erabiltzaile arrunta da, eta %52 pentsioduna”. Bestetik, erabilera handiagoa du Herri Busak goizeko 8:00etatik 9:00etara bitartean egoten dira, “hau da, Ibaiondotik Artara eta Artatik Ibaiondora egiten dituen joan etorrietan”. Herri Busak, 10.672,7 kilometro egin ditu urtarriletik ekainera.

Abuztuaren 31ra arte Herri Busak udako ordutegia edukiko duela gogoratu du Udalak, eta irailaren 2an hasiko da berriz ere neguko ordutegiarekin. Andra Mari jaietanaldaketak izango dira. Gazte Egunean (abuztuaren 13an) eta (Amnistia Egunean (abuztuaren 14ean), autobusa “ez da Nasa Kalean zehar pasako eta ibilbidea herriaren kanpotik egingo du”. Eta, azkenik, abuztuaren 16an, Kuadrilla Egunean, “ez da Herri Bus zerbitzurik egongo”. - I. F.