Gernika-Lumo - Urtero goraka doan zifra izan arren, bisitarien egonaldia luzatzea helburu duen ekimena jarri du martxan Gernika-Lumoko Udalak. Turismo Bulegoaren bitartez, eguerdiko 12.00etan eskainiko dituzte doiako bisitaldi gidatuak egunero, abuztuaren 15era arte. Udal erakundearen arduradunen esanetan, “datozen lau asteetan 500 erabiltzaile” lortu nahi dituzte, bitartean Juntetxea, Pasealekua, Foru Plaza edota Gernikako Arbolari buruzko informazioa helaraziz.

“Bisitariaren egonaldia luzatzeaz gain, ekonomian eragiteko” jomuga du ekimenak. Horrela, goizeko 10:00etatik 13:00etara Turismo Bulegotik pasatzen diren bisitariei gonbita luzatuko zaie, “aisialdirako eskaintza” emateaz gain, “udalerriko gastronomia zein merkataritza” ezagutarazten den bitartean. Iazko datuei erreparatuz, Gernika-Lumon bataz besteko egonaldia 5 ordukoa izan zen.

“Eskaintza zabaldu genuen lehen egunean plaza guztiak bete genituen, 30 pertsonarekin”, Turismo Bulegotik plazaratu dutenez. Hala ere, aukera gehoago izango da datozen asteetan. Eta hiru izango dira eskaintzen diren bisitaldiak, baina batez ere Gernika-Lumoren ondare historikoa da nagusi. Udalerriaren sorreraz gain, parte hartzaileek Gernikako Arbola eta bonbardaketari buruzko informazio osagarria jasoko dute, beti ere herriko erdiguneko txokoak bisitatuz, besteak beste bonbardaketaren garaiko Pasealekuko ababeslekua edota Juntetxea. Bisitek 45 minututako iraupena izango dute, eta bisitariei “herriko gastronomia eta merkataritzari buruzko” gida eskainiko zaie, baita bonbardaketari buruzko audiogidari buruzko liburuxka ere. - I. Fradua