Gernika-Lumo - 65 urtetik urtekoen eta mendetasun-arriskua edo lehen graduko mendetasuna duten pertsonei zuzendutako eguneko arreta zerbitzua eskaintzen hasi da Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea. Eskualdean zentro bat eraikitzea alde batera utzita, bai zerbitzu honen ematearen kostu ekonomikoarengatik eta baita gaur egun dauden baliabideeak optimizatzea aldera, 19 udalerri batzen dituen erakundeko ordezkariek herriz-herriko zaharren egoitzekin hitzarmenak sinatu dituzte.

“Eudelek, Euskadiko Udalen Elkarteak, jarritako baldintzetara egokitu” da Busturialdeko Amankomunazgoa, “nahiz eta gure ingurunera moldatu garen”, erakundeko presidenta Ana Ormaetxek azaldutakoaren arabera. Horrela, orain arte Gernika-Lumoko Calzada eta Torrezuri; Busturiako Arrotegi eta Zelaiondo; Foruko Igurco; Muxikako Olabe; eta Mundakako Geure Etxea eta Biotz Sakratu egoitzekin sinatuko dituzte hitzarmenak. Hauetako asko jada sinatuak izan dira, baina sina-tze prozesua ehuneko ehunean aurki amaituko dutela azaldu dute. Mendekotasun gradu urrieneko pertsonak artatuko dituzte, “egoitza bakoitzak dituen zerbitzuak erabilgarri zaingo dituelarik”. Besteak beste, arlo psikosozialeko esku-hartzea, errehabilitazioa, garraio egokitua eta erabiltzailearen jarraipena dira eskainiko diren zerbitzuetako batzuk. Beti ere, eguneko zerbitzuan emango da prestazioa, zenbait ordutarte desberdinetan. “Hiru edota sei ordukoak izango dira”, Mankomunitatetik diotenez.

Herriz-herriko zerbitzua emateari dagokionez, Mankomunitateak “erabiltzaileak euren udalerrietan tratatu nahi ditu, bere ingurunetik ez ateratzeko eta zentroan ez dauden orduetan bere familia zein urkoekin egon ahal izateko”. Jakinarazi dutenez, “etxez-etxeko zerbi-tzuarekin bateragarria” dela zehaztu dute eta baldintzak betetzen dituzten onuradunei, euren gaitasun ekonomikoaren arabera kobratuko zaie, “ohikoa denez beste edozein gizarte laguntza mota bezala”. Arduradunek zehaztu duten moduan, “arreta berezitua eman nahi diegu behar dutenei, beti ere mendekotasun gradurik urriena duten horien laguntzarako”.