BERMEO. Omenaldi jendetsua Euskadiko Kooperatiben Goi Kontseiluak (CSCE-EKGK) Kooperatiben Nazioarteko Eguna dela eta Euskalduna Jauregian egin duen eta Iñigo Urkullu Lehendakariak babestutako familia argazkiarekin itxi den topaketaren barruan egin da.

CSCE-EKGK, kooperatibismoaren sustapena eta hedapena bermatzeko topalekua da, eta Euskadiko administrazio publikoen aholkularia da kooperatiben alorrean. Horrez gain, kooperatiben balioen eta printzipioen defentsa, sustapena eta hedapena hartzen ditu bere gain, Bermeoko Eleizalde Ikastolaren iraganean eta gaur egunean oso presente daudenak. Ikastolak “harrotasunez eta esker onez” jaso du omenaldia.

Unai Urrutia Kortazar ikastolako presidentearen berbetan, “Bermeoko Eleizalde Ikastolan egunero egiten dugu behar prestakuntza akademikoa eta balioak gertuko ingurunean uztartzeko, bertan egoteak ematen duen konfiantzarekin. Ikastola eraldatzailea, inklusiboa, eta herrikoa gara.

Erabilgarritasun publikokoa izendatutako irakaskuntzako elkarte kooperatibo integrala gara, eta geure hezkuntza egitasmoa daukagu. Egitasmo horretan gurasoek eta langileek elkarrekin hartzen dute parte. Euskara eta euskal kultura defendatzen eta sustatzen ditugu”.

CSCE-EKGKk antolatu duen eta goiz osoan, gonbidatu eta partaide askoren babespean, Euskalduna Jauregian ospatu den Kooperatiben Nazioarteko Eguna “Kooperatiben Konpromisoa Garapen Iraunkorraren Alde” izenburuarekin egin da.