Markina-Xemein - Markinarrak prest dira Udalak eta Jai Batzordeak antolatutako Karmen jaiei gaur ekiteko. Ohi legez, Alarabiren agerpenarekin emango diete hasiera festei, 18.15etan egingo den txupinarekin eta pregoiaren irakurketarekin, aurtengoan Txirrindulari taldeari egokitu zaiona. Ordutik eta datorren astearteko gauerdira arte geldi egoteko motiborik ez da izango Markina-Xemeinen.

Buruhandi, erraldoi eta txistulariek kaleak hartuta, txupinaren ostean kuadrilen bizikleta poteoari ekingo zaio. Xemeindik hasita Goikoportalean amaituko den danborradak -21.00etan hasiko dena-, bestetik, zarataz beteko du Markina-Xemein, Zelaian gaueko kontzertuekin amaitzeko. Taula gainean Hilbera, En Tol Sarmiento eta Kop izango dira, 23.00etatik aurrera, rock doinu gogorrak entzungai izanik.

Biharkoa Karmen jaien egun potoloenetarikoa izango da, batez ere kuadrilen eguna ospatzen delako. Giro hobeezinean batuko dira, Zelaian, Herri Bazkarian. Baina aldez aurretik txistularien kalejira, pilota partidak eta kalejira izango da. Bazkariaren ostean Herritxouari ekingo diote, Abarka taldeak aurkeztuta. Musika izango da nagusi arratsalde zein gau partea: lehendabizi, erromeriarekin, gero elektrotxarangarekin eta, azkenik, 22.00etan hasiko den Oxabiren kon-tzertuarekin. Igandean, azkenik, herri kirol saioa izango da Zelaian goizez, senegaldarren jaiaz gozatu ahalko da eta arratsaldez kuadrilen arteko olimpiadak izango dira ikusgai.

Asteleheneko Karmen Bezpera egunean, bestetik, aurtengo berritasun nabariena helduko da. Lehenengoz antolatutako aire libreko margo lehiaketa ospatuko da 09.00etatik 17.00ak arte, eta txikienek umeen parkea izango dute Zelaian eta Arkupe parean. Arratserako mus eta briska txapelketak ospatuko dira. Astearteko Karmen Eguneko egitaraua potoloa izango da. Goizeko meza eta aurreskuaz gain, Euskadi Brass Bandaren kalejira izango da. 17.00etan, eta bestetik, bertso saioa izango da Uhagonen. Luhartzen erromeriarekin batera, Karmen jaien azken orduak helduko dira. Kaleko ikuskizunaz gain, Alarabiri azken agurra emateko ordua iritsiko da, Astondoa pirotekniaren suek lagunduta.

Eraso sexisten kontra Jaietan ere eraso sexistarik ez mezua indartzeko bideoa egin du Markina-Xemeingo Udalak, Udalaren sare sozialen bidez gaur bertan zabalduko dena. Karmenen baitan “gerta litezkeen eraso sexisten aurkako mezu argia eta irmoa zabaldu nahi” dute udaleko arduradunek, beronekin “argi eta garbi uzteko inolako eraso sexistarik ez dela onartuko, ez jaietan ezta beste inolako esparruetan ere”.