ORONABIRUSAK gizarte osoaren bizimodua eraldatu du, baina are gehiago gabezia egoeran daudenena. Askok jo behar izan dute elikagaien bankuetara, Bizkaia mailan herri askotan ezarri direnak eta lan ederra egiten dutenak. Hauetako bat da Markina-Xemeingoa, hilero-hilero ia 300 pertsonak elikagaiak izatea ahalbidetzen duena. Eta bada elkarte bat, bolondreski, beharrizan hauek asetzeaz ardura-tzen dena. Hileroko hirugarren astelehena dute hitzordu.

Aspaldi hasi zuten euren lana, “orain dela 20 urte inguru edo”, lehendabizi Jose Felix Zamakona abadearen eskutan zena. Eta gaur egun hamar pertsona inguruk osatzen dute taldea, Tomas Ibaibarriaga delarik arduradun nagusia. Udaleko langile, lehendabizi elikagaiak batzen zituen eta urteak pasata erakundearen pertsonai nagusienetekoa bihurtu da. “Bolondres egiten dugu lan, bakoitzak ahal duen heinean”, diotenez. Eta gustora egiten duten lana dela aitortzen dute, nahiz eta “egoerak okerrera egin duen azken hilabeteetan. Pandemia egoera sortu zenetik, eta batez ere konfinamendu egoeran -martxo eta apiril aldean-, ekonomi krisialdiak asko zaildu. Jende asko langabezian geratu zen, edo ezkutuan egiten zuten lan gabe geratu ziren. Ikusten duguen fenomenoa da, ez digu inork kontatu behar. Gero eta jende gehiago dator Abadetxera, banaketa egiteko dugun txokora”. Hori dela eta gero eta eskakizun gehiago kudeatzen dituzte. “Ezin genuke zifra bat eman, baina gero eta eskasago gabiltza”.

Bizkaiko Elikagaien Bankuak ireki berri duen kanpainarengatik, “itxaropentsu” dira markinarrak. “Espero dugu apalak betetzea, beharra dutenei elikagaiak banatu ahal izateko. Ez bakarrik Markina-Xemein mailan, baita Bizkaia osoan ere”. Izan ere, “gure lana askotan beharrezkoa izaten da. Jendeak ez badu zer janik, nolako bizimodua izango dute?”, galdetzen dira euren buruei. Bolondresei dagokienez, jende gaztea sartzea ere beharrezko dute. “Gutariko asko jubilatuak gara, edadekoak. Eta saiatu, saiatzen gara, baina askotan jendeak badu gaixotasunen bat, zereginen bat...”, azaltzen dute. “Hala ere, hamarren bat pertsona aritzen gara , eta ondo dago. Eta baditugu ere beste laguntzaile asko, beharra dugunean gurera bertaratzen direnak. Edo norbait ordezkatzeko prest agertzen direnak. Pozik gaude dugun laguntzarekin”. Baina norbaitek lagundu nahi badu, “lekua duela” ziurtatzen dute. Ongietorriak izango dira.

Markina-Xemeingo Eklikagai Bankuak argi duena zera da: “Markina-Xemein oso herri solidarioa” dela. “Beti somatu dugu herritarrak laguntzeko prest direla, eta hori laguntza ikaragarria da. Baita gazteak ere. Joan izan gara ikastetxeetara eta beti dira laguntzeko prest”. Udalaren aldetik ere prestutasuna jaso dute, “guretzako oso pozgarria dena”.